Kalteberatasun-egoeran dauden pertsonentzako (OHZ) eta familia ugarientzako (OHZ eta ibilgailuen gaineko zerga) aldeko zerga-neurriak ere onartu dituzte. Familia ugarien kasuan, haien diru-sarrerak eta beste inguruabar batzuk hartuko dituzte kontuan, hala nola genero-indarkeria eta dibertsitate funtzionala.
Gainera, hemendik aurrera Kurtzio Kultur Etxearen instalazioak doakoak izango dira udalerriko irabazi asmorik gabeko talde eta elkarteentzat. Neurri horregaz, Sopelako gizarte-mugimenduen aldarrikapen errepikakorra formalizatu dute.
Bestalde, edukiontzi marroiaren erabiltzaileek hondakinak kudeatzeko tasaren tarifa murriztua aplikatu ahal izateko baldintzak malgutu dituzte, urtean 22,27 euro aurreztuz. Izan ere, 2023an, gutxienez 50 gordailu egin behar ziren urte naturalean, gutxienez lau gordailutan banatuta, egun natural desberdinetan, urtarrilaren 1etik azaroaren 15era. 2024an, hilean gutxienez lau gordailu utzi ahal izango dituzte, epe horren barruan. Horrela, opor garaian Sopelatik alde egiten duten familien kasua hartzen da kontuan.
OHZ eta hondakinen kudeaketa-tasa eguneratzea Udal kontuak jasangarri egiteko eta bat-bateko gehikuntzarik ez aplikatzeko helburuagaz, osoko bilkurak OHZa % 1,50ean eguneratzea ere onartu zuen, % 0,2068ko karga-tasatik % 0,21era igaroz: adibidez, 100.000 euroko katastro-balioa duen etxebizitza batek 3,20 euro gehiago baino ez lituzke ordainduko. Proposamena da urtero eguneratze txikiak egitea Sopelaren pareko udalerrien batez bestekoaren azpitik dauden zergetan. 300.000 eurotik gorako katastro-balioa duten ondasun higiezinei % 0,252tik gorako karga-tasa aplikatuko zaie (tasa arrunta baino % 20 gehiago). Era berean, hondakinen kudeaketa-tasa % 1,99 eguneratu da (2,17 euro gehiago urtean), tasa horren bidez bildutakoak hondakinen bilketaren kostuaren % 100 estali behar baitu. Zentzu horretan, Udalak herritarrei gogorarazten die urtero tasa hori murrizteko beharrezkoa dela "gehiago eta hobeto birziklatzea", hondakinen edukiontziagaz alderatuta, edukiontzi marroiari eta beste edukiontzi batzuei eman behar zaien erabilera handiagoari dagokionez.