Sopelako Abaro eta Loroñoko lursailak Eusko Jaurlaritzari lagatzeko prozesuak aurrera jarraitzen du

Nahia Martinez Gondra 2023ko aza. 2a, 12:59

Sopelako Udaleko osoko bilkurak onartu egin zuen AVSk Abaroko lurzatiari buruz egindako alegazioa, baina ez Loroñoko lurzatiari buruzkoa.

Asociación Vecinal de Sopelak (AVS) aurkeztutako alegazioak partzialki onartzeak ez du eteten Abaro lurzatia Hezkuntza Sailari lagatzeko prozesua; izan ere, maiatzean onartutako Abaro sektore horretako Plan Partzialaren garapenaren mende dago.

Sopelako Udalak joan den eguenean, urriaren 26an, egindako osoko bilkuran, behin-behinean onartu zuen arau subsidiarioak aldatzea, Loroñoko partzela irakaskuntza-erabilerarako kalifikatu eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari laga ahal izateko. Abaro sektorean dagoen Abaroko lurzatia hirigintza-arauak aldatzeko prozesu horretatik kanpo geratuko da, Sopelako Auzo Alternatibak alegazioak aurkeztu ondoren. Alegazio horiek Loroñoko eta Abaroko lursailei buruzkoak ziren eta espedientea artxibatzeko eskatzen zuten.  

Sopelako Udaleko osoko bilkurak onartu egin zuen AVSk Abaroko lurzatiari buruz egindako alegazioa, baina ez Loroñoko lurzatiari buruzkoa. Kasu horretan, aldaketa-prozesuak aurrera jarraitzen du. Hala ere, AVSk aurkeztutako alegazioak partzialki onartzeak ez du eteten Abaro lurzatia Hezkuntza Sailari lagatzeko prozesua; izan ere, Abaro sektore horretako Plan Partzialaren garapenaren mende dago (maiatzean onartu zen), eta, beraz, Sopelako Udalak lursaila aldez aurretik okupatzeak ere aurrera jarraitzen du, arau subsidiarioen aldaketa gorabehera. 

Bestalde, Sopelako Eraztun Berdea bultzatzen duen Kiribile elkarteak ekarpenak egin zituen alegazioen fase honetan egindako aldaketa prozesuan. Ingurumenaren ikuspegitik, ekarpen horiek kontuan hartuko dituzte ondorengo faseetan.  

Sopelako alkatea den Guruzne Carrassonen hitzetan, "urriko osoko bilkura honetan erabakitakoa aurrerapausoa da Loroño eta Abaroko lursailak Eusko Jaurlaritzari behin betiko lagatzeko bidean, Eusko Jaurlaritzak behingoz konpon ditzan Zipiriñe eta Iberreko espazio-arazoak".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun