Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak egindako txostenaren bidez, Auzo Alternatibak, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek 2023rako gutxieneko pentsioa 1080 eurotan ezartzeko eskaria bultzatu gura dute. Eskari hori Estatuko Gobernuari zein EAEko eta Nafarroako gobernuei zuzendu diote. Halaber, azken horiei ere eskatu gura diote 783 eurotan zegoen gutxieneko pentsioa finkatzen ez den bitartean, gutxieneko pentsio hori 1080 eurora arte osa dezatela hamalau ordainsaritan.
Azaldu dutenez, txosten horregaz urrats bat gehiago eman dute haien eskariaren azalpenean, EAEko eta Nafarroako beharrezko aurrekontuaren zenbatespen ekonomikoa kalkulatuko dutelako. "Txosten horretan adierazten dugu eskaera hori premia sozial urgentea eta justiziazkoa dela, erakunde publikoek herritarrei bizi-baldintza duinak bermatzeko behar diren erabakiak hartzeko betebeharra dutelako; baldintza horiek, lanetik etorritako diru-sarrerarik ez duten adineko pertsonen eta pentsiodunen kasuan, gutxieneko diru-sarrera nahikoak bermatu behar dituzte", nabarmendu dute.
Horrez gain, azpimarratu dute 1080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzeak nabarmen murriztuko lukeela pentsioetan dagoen genero-aldea. Era berean, bizi-kostuaren hazkunde esponentzialaren testuinguruan, gero eta pentsiodun gehiagok eten egiten dituzte etxebizitza osasungarria eta beren beharretara egokitutakoa mendekotasuna artatzeko dituzten beharrak arintzeko. "Gaur egun EAEn, 167.718 pentsiodunek 1080 eurotik beherako diru-sarrerak dituzte pentsioengatik, eta horietako gehienak emakumeak dira".
Hala, argi adierazi dute gutxieneko pentsioek, aldagai guztietan, "emakume" izena dutela: "Genero-arrakala horren aurrekari dira soldaten desberdintasuna eta emakumeak alde bakarretik esleitzea ordaindu gabeko edo gaizki ordaindutako lanari ugalketaren eta zaintzaren esparruan".
Ildo horretatik adierazi dute ez dagoela arrazoi ekonomiko edo politikorik ez egiteko, eta ezin dutela "egun bat gehiago itxaron". Horregatik, Sopelako Udalaren osoko bilkurari honako erabaki hauek eskatu dizkiote:
1.EAEko Jaurlaritzari eta Legebiltzarrari demandatu, 1080 eurora arte osatu dezaten pentsiodunen gutxieneko pentsioa 14 ordainsaritan, 2023ko urtarrilera arteko atzeraeraginezko ondorioakaz.
2. EAEko Jaurlaritzari eta Legebiltzarrari jakinaraztea Udal honen osoko bilkuran hartutako erabakia, 2023ko urriaren 26an.