Sopelako Udalak kontsulta publikoa egingo du merkataritza-lonjak babes ofizialeko etxebizitza bihurtzeko ordenantza arautzailea egin aurretik

Nahia Martinez Gondra 2023ko aza. 21a, 09:41

Azaroaren 23an, eguenean, arrastiko 19:00etan egingo dute bilera. © SOPELAKO UDALA

Arau honen helburua da itxitako eta merkataritza-funtziorik gabeko lokal horiek babes ofizialeko etxebizitza bihurtzea, eskaintza prezio merkeagoakaz handituz. Kontsulta publikoa egiteko epea 2023ko abenduaren 13ra arte egongo da zabalik. Parte-hartzea bultzatze aldera, azaroaren 23an, eguenean, 19:00etan, Sopelako udaletxeko sarreran herritar guztiei irekitako batzar publikorako deia egiten da. 

Etxebizitza eskaintzarik ez dagoenez prezio arrazoitsu batean, eta bizi-proiektu bat garatzeko etxebizitza duinik eskuratu ezin duten bizilagunen eskari zabaltzeko xedeagaz, Sopelako Udalak ordenantza bat egiteko prozesua hasi du, bizitegi-eraikinetako beheko solairuetako lokaletan etxebizitzak ezartzeko. 

Sopelako alkatea den Guruzne Carrassonek adierazi duenez, ordenantza honen bidez, lurzoru berririk erabili behar ez duten etxebizitza eskuragarrien kopurua handitu gura dute: "Erabili ez diren lokal horien jabeek lokal horietarako irteera bat izan dezaten nahi dugu; era berean, kokatuta dauden eremuen irudia hobetzen da, eraikitako ondarea optimizatzea eta pertsonek etxebizitza duina izateko duten eskubidea erraztea helburu izanik".

Horrela, arau honen helburua da itxitako eta merkataritza-funtziorik gabeko lokal horiek babes ofizialeko etxebizitza bihurtzea, eskaintza prezio merkeagoakaz handituz eta etxebizitza duin bat eskuratzeko aukera erraztuz, bizigarritasun-baldintza egokiak dituzten etxebizitzak izatearen kaltetan izan gabe. 

"Hala ere, neurri horrek ezin du udalerriaren merkataritza-garapena kaltetu. Horrela, zentzuzkoa dirudi merkataritza-lokalak etxebizitza bihurtzea posible den eremuak mugatzea, eta ez udalerriko merkataritzaren garapena zigortzea", ziurtatu du Carrassonek. 

Etxebizitza horiek eskuratu edo eskualdatzeko baldintza ekonomikoak eta Eusko Jaurlaritzak Babes Publikoko Etxebizitzetarako (BPE) ezarritako berberak izango dira. 

Kontsulta 

Hori arautzen duen lege-testua egin aurretik, kontsulta publikorako aldi bat ireki da, herritarrek beren ekarpenak eta iritziak aurkez ditzaten. Kontsulta publikoa egiteko epea 2023ko abenduaren 13ra arte egongo da zabalik, eta Sopelako Udaleko erregistro elektronikoan eta Sopelako Udaleko herritarren arretarako bulegoetan egin ahal izango da, 09:00etatik 13:30era.  

Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 9/2015 Legearen 16.4 artikuluan jasotako gainerako bitartekoen bidez aurkeztu ahal izango da. 

Batzar publikoa 

Azkenik, parte-hartzea bultzatze aldera, azaroaren 23an, eguenean, 19:00etan, Sopelako udaletxeko sarreran herritar guztiei irekitako batzar publikorako deia egiten da, ordenantza honen proiektuaren alderdi esanguratsuenen berri emateko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun