Txu-txu trenak eta izotz-pistak ordutegi bera izango dute egunotan: 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Trenari dagokionez, irteerak Sabino Arana kaletik egingo dituzte, Lubeko aurretik; aldiz, izotz pistara joan gura dutenek bi euroko sarrera ordaindu beharko dute 30 minutuko txanda bakoitzeko; sarrerak Kurtzio kultur etxean erosi beharko dituzte aldez aurretik.
Horrez gain, gaur, urtarrilak 2, 18:00etan, Teatro Paraiso konpainiaren Kutxartean ikuskizuna ere eskainiko dute. 5 urtetik aurrera dituzten umeentzako euskarazko antzerkia ikusteko sarrerek 4 eta 5 euroko prezioa izango dute.
Etzi, urtarrilak 4, Mr Bo antzezlanaren txanda izango da. Maria de Jhong konpainia estreinatu berri duen obra Kurtzio kultur etxean ere izango da, euskaraz eta 3 urtetik gorako umeentzako. Kasu horretan ere, sarrera 4 eta 5 euroko prezioa izango dute.
Barikuan, Sopelako kaleak ilusioz eta magiaz beteko dituzte Errege Magoek; izan ere, 18:00etan Larrabasterratik aterata kalejira egingo dute udaletxeko plazaraino, bertan, ume sopeloztarrei harrera egiteko.
Domekan, urtarrilak 7, jarduerek goizetik jarraituko dute. 11:00etan, Sopelako Gabonetako xake-lehiaketa egingo dute Urko kiroldegian; horretan parte hartzeko 646 760 165 telefono-zenbakira deitu beharra dagoela jakinarazi dute. Aldiz, arratsaldean, 18:00etan umeentzako antzerki berri bat eskainiko dute: Glu Glu konpainiaren Loti ederra. 3 urtetik gorako umeentzako obra 18:00etan hasiko da eta sarrerak 4 eta 5 euroko prezioa izango dute.