Hala, aurtengo zenbakiek beren kabuz hitz egin dute: kanpainan parte hartu zuten 47 establezimenduetatik, 9.118 Bonu Dendakoak, 8.628 modu arrakastatsuan trukatu dira. Erabilgarri jarri ziren 3.367 Gastro Bonuei dagokienez, 13 ostalaritza-lokalek stocka ia agortu dute eta hiru bonu baino ez dituzte erabili gabe utzi.
Aurreko edizioetako eskemari jarraituz, erosketako 10 euro bakoitzeko bost euroko deskontua aplikatu zen, parte-hartze aktiboa eta erosketak sustatzeko xedeagaz. Pertsona bakoitzak 5 euroko sei bonu jasotzeko eskubidea zuen, gehienez 30 euroko mugagaz, establezimendu berean edo hainbat establezimendutan gastatzeko. Bonu horiek trukatzeko epea urriaren 16tik azaroaren 30era arte luzatu zen.
Hala, Toki Garapeneko zinegotzi Eder Garciak adierazi duenez, atsegin handia ematen die bonu kanpainak Sopelan izan duen eragin positiboak: "Komunitatearen aldetik jaso duten babes ikaragarria sopeloztarrek tokiko merkataritzarekin duten konpromisoaren seinale argia da, eskuragarri dauden bonuak ia erabat agortu direla agerian geratu baita".
Izan ere, 2023ko Sopela Bonu kanpaina beste ahalegin bat izan da Sopelaren bizitasun ekonomikoa bultzatzeko, tokiko merkatariei eta ostalaritza-establezimenduei emandako babesa nabarmen indartuz. "Kanpaina honen helburu nagusia beti izan da argia: tokiko ehun ekonomikoa sustatzea eta sendotzea, egoiliarrak eta bisitariak Sopelako establezimenduetan erosketak egitera animatuz", azpimarratu du Garciak.
Parte-hartze maila gero eta handiagoak eta bonu kanpaina horien onarpen gero eta handiagoak Sopelako tokiko merkataritza "are gehiago indartzearen" garrantzia islatzen dute. Hori dela eta, "etengabeko konpromisoa" hartuko dute esparru hori sustatu eta dinamizatuko duten estrategiak ezartzeko, betiere "Sopelako ekintzaileei eta gure udalerrira hurbiltzen direnei mesede egiteko", azpimarratu du zinegotziak.