Ekimenaren sustatzaileek gogoratu dutenez, pilota euskal kulturan errotutako kirola da, eta egutegi honek bere esentzia historikoari omenaldia egin gura dio, baina testuinguru garaikide eta moderno baten bitartez. Izan ere, egutegiak, bi sexuetako pilotarien irudiak aurkezten ditu, modu fresko eta dinamikoan. Horretarako, argazkiak egiteko, begirada artistiko batetik abiatu dute lana, tradizioa irudikatuz, baina kirolari inguratzen dion emozio, trebetasun eta grina islatuz. "Gogor lan egin dugu egutegi berezi hau aurkezteko", azpimarratu du Kureneko kide eta proiektuaren bultzatzaile nagusi den Juan Gorostiagak.
"OSOPELOTARI ® gure kirol tradizio aberatsari egindako omenaldia da eta, aldi berean, euskal pilota etorkizunera begira proiektatzeko modu bat, bere erakargarritasuna formatu moderno eta eskuragarrian erakutsiz", azpimarratu du Gorostiagak.
Izan ere, ohartarazi duenez, pilotaz dugun irudi kolektiboa ez da asko aldatu azken 40 urteotan. "Eta euskal pilota erreferente berrietara zabalduko bagenu? Eta pilota modaren mundura hurreratuko bagenu? Edo, bestela, egungo look-ei, kirolarien profilari, LGTBI kolektiboari, beste nazionalitate batzuetako pilotariei edo gaitasun desberdinak dituzten pilotariei? Azken batean, pilotariak ez direla usteko zendun benetako pilotariak modu zaindu, dotore eta indartsuan erretratatzea. Lotura berri bat ezartzea, pilotarako aukera berri bat eta elkarrizketa berri bat", gaineratu du.
Egitasmoa egungo eta etorkizuneko belaunaldien inspirazio izan gura duen proiektua da, egungo ikuspegitik pilotan dagoen heterogeneotasuna ikusaraziz. Klubak alderdi bisualena azpimarratu gura izan du, irudi bakoitzak hausnarketak eragitea eta pilotariei buruz aurrez ezarritako ikusmoldeei aurre egitea bilatuz. Helburua estereotipoak haustea eta kirol honetan dagoen aniztasuna nabarmentzea da, OSOPELOTARI® edozein izan daitekeela azpimarratuz. "Proiektu honek, ausardiaz, inklusioaz, aniztasunaz, askatasunaz eta modernizazioaz hitz egiteaz gain, antzinako kirol honen inguruko pertzepzio soziala birdefinitzea du helburu", nabarmendu dute klubetik.
1.500 ale
Arduradunek azaldu dutenaren arabera, egutegia Sopelan eta klubeko bazkide eta pilotarien artean banatuko dute batez ere, "1.500 ale baino ez baitira inprimatuko". Egutegiak 10 euroan erosi ahal izango dira, eta lortutako dirua ikasleentzako eta klubeko pilotarientzako materiala erosteko eta pilotariak erakartzeko ekitaldiak antolatzeko erabiliko dute, besteak beste.
Argazkiak: Sopelako Udala eta Kurene Pilota Elkartea.