Eguazten honetan bozkatuko dituzte Sopelako legegintzaldi honetako lehen aurrekontuak

Nahia Martinez Gondra 2024ko urt. 29a, 09:45

opelako Udalak inoizko aurrekonturik handienak izango ditu, 18.250.000 euro. © SOPELAKO UDALA

Aurrekontu proiektua urtarrilaren 23an aurkeztu zitzaien formalki Sopelako udalbatzako taldeei Ogasun Batzordean. Eztabaida azaroaren 21ean hasi zen, lehen zirriborroa entregatuta, baina gainerako taldeakaz negoziatzeko eta kontrastatzeko prozesua abian da oraindino. Guruzne Carrasson alkateak nabarmendu duenez, "aurrekontuen arloan akordioak lor daitezke oraindik". Hala, Sopelako Udalak inoizko aurrekonturik handienak izango ditu, 18.250.000 euro, neurri handi batean Udalkutxa Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren ekarpenari esker.

Udal taldeei aurkeztutako eta urtarrilaren 31n bozkatuko den proiektuan, honako alderdi hauek nabarmentzen dira, aurrekontuen memorian jasotzen den bezala: 

  • Lorezaintzako eta bide-garbiketako zerbitzuak optimizatzea, 2024an esleituko diren kontratuak nabarmen handituta: 325.052,60 euro eta 441.698,80 euro, hurrenez hurren. Horrek esan nahi du % 71 eta % 107 igo dela zerbitzuaren kostua, aurreko esleipenagaz alderatuta. 
     
  • Mugikortasunari dagokionez, Sopelako zentroa oinezkoentzat jartzeko proiektua hobetzea eta pertsona guztien irisgarritasuna erraztea udaletxetik Kurtzioko kultur etxera. 
     
  • Hezkuntzaren arloan, eskola-bide seguruen proiektua bultzatuko da, Zipiriñeko Eskolagaz eta Ander Deuna ikastolagaz lankidetzan, eta Zipiriñeko Eskolan haurrentzako jolas-parke berri bat sortuko da 
     
  • Gizarte-arloan, laguntzen jarraipena ziurtatuko da, aurreko urteetako diru-laguntzei eutsiz eta Uribe Kostako Mankomunitateko gizarte-zerbitzuekiko koordinazioa indartuz. 
     
  • Ekonomiari dagokionez, tokiko garapena bultzatuko da, "Sopelan" linearen laguntzak handituz. Gainera, Udal Enplegu Planari eutsiko zaio eta Merkatarien Elkarteagaz lankidetza-hitzarmen bat ezarriko da bere jarduera zuzenean indartzeko. 
     
  • Maila estrategikoan, 2024an, hurrengo ekitaldietan (2025-2027) ezarri beharreko neurri zehatzak ezarriko dira: Udal Mugikortasun Plana eguneratzea (trafikoa eta aparkalekuak), Merkataritza Biziberritzeko Plan Berezia eta Turismoko Plan Estrategikoa, besteak beste. 

Sopelako alkatea den Guruzne Carrassonen arabera, azpimarratu behar da Sopelako Udalak ahalegin handia egin nahi duela lorezaintza eta kaleen garbiketa hobetzeko: "Horrek eragin positiboa izango du langileen lan-baldintzetan, erabilitako makinerian eta, azkenik, enpresa esleipendunek eskainitako zerbitzuen kalitatean, Udalak berak zorrotz gainbegiratuko duen zerbitzua". 

Puntu horretaz gain, urtarrilaren 31ko osoko bilkuran Sopelako Udala Bizkaiko Garraio Partzuergoari atxikitzeko eskaerari ere helduko dio. Carrassonen hitzetan, "Partzuergora atxikitzea ezinbestekoa da gure udalerriarentzat, azken hamarkadetan Sopelako biztanleria asko hazi delako, trafiko-arazo larriak ditugulako eta udalerriko metroaren geltokiaren maiztasuna handitzea historikoki aldarrikatu delako". 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun