Hurrengo proiektuetan lankidetzan aritzeko konpromisoa hartu dute:
- Liburutegi berria: Landa Doktorea kalean kokatuko den liburutegi berriaren proiektua diseinatu eta obraren exekuzioa lizitatzea.
- Erripako saihesbidea: Bide berriaren proiektua garatzea eta Gobernu Batzordeari aurkeztea, Sopelako erdigunerako etorkizuneko trafiko-alternatiba gisa.
- Irisgarritasuna Sopelako metroaren eremuan: 2025ean Zubigane, Lizarre, Sertutxa eta Bidebieta kaleetan gauzatu beharreko Irisgarritasun Planaren ekintzak diseinatzea, metroaren inguruan igogailua jartzeko aukera aztertuz.
- Urkoko hezegunea: lehen faseari dagokion proiektua eta burutzapena lizitatzea.
- Urgitxieta plaza: Plaza hori berritzeko eta naturalizatzeko aurreproiektua 2024an finkatzea, 2025ean obraren zuzendaritzaren lizitazioa egin eta gauzatzeko.
- Herritarren parte-hartzea: UPV/EHUko Parte Hartuz ikerketa-taldearen proiektua bultzatzea, udal-teknikariak eta Udalbatzako kideak udal-politika publikoen garapenean herritarren parte-hartzearen arloan prestatzeko.
- Kirolaren Plan Estrategikoa: Kirol-arloan udal-politikak diseinatzeko irizpideak ezarriko dituen azterlan bat egitea sustatzea, hainbat alderdi jorratuz, hala nola kirol-eskaintza, klub eta elkarteekiko lankidetza, instalazioak eta kudeaketa-eredua.
- Loiolako, Asuko, Abaroko eta Erripako BOEak bultzatzea: sektore horietan BOEak sustatzeko proiektuen jarraipena egitea, batez ere, Abarokoa, eta harreman proaktiboa izatea Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailagaz, VISESAgaz eta eragindako lurren jabeakaz.
- Behargintzaren funtzionamendua hobetzeko ekintzak: kontu-auditoretza, kudeaketa- eta gobernantza-auditoretza; Behargintzak Uribe Kostako garapen ekonomiko eta sozialean duen eginkizunari buruzko hausnarketa-prozesua; eskualdean, ahal dela, Sopelan kokatutako coworking gune bat sortzearen bideragarritasuna aztertzea eta Urdulizen dagoen egungo enpresa-mintegiaren kudeaketa optimizatzea.
Aitzitik, Sopelako Auzo Alternatibak (SAA) ez du aurrekontu-akordioagaz bat egin nahi izan. Izan ere, erabakia SAAri zabaldu ahal zitzaion, baldin eta horrek Abaroko Plan Partzialaren aurka aurkeztutako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa erretiratzen bazen, baina orain arte ez da halakorik gertatu. Nabarmentzekoa da Abaro akordioan jasotako proiektu estrategikoetako bat dela.
Bestalde, joan den astean, EH Bilduk eta Elkarrekin Sopelak osatutako Gobernu Taldeak aurreratu bezala, Sopelako Udalak inoizko aurrekonturik handienak izango ditu 2024an, 18.250.000 eurotara iritsiz. Lorpen hau, neurri batean, Udalkutxa Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren ekarpena handitzeari egotzi zaio, lorezaintzako eta bide-garbiketako zerbitzuak hobetzera bideratutako ahalegin ekonomiko handia azpimarratuz.
Sopelako alkatea den Guruzne Carrassonen esanetan, aurrekontuen garrantzia ez da Udalak 2024an kudeatuko dituen kopuruetara mugatzen, batez ere lorezaintzari eta bide-garbiketari dagokienez: "Benetan azpimarratzekoa da korporazioko gehienok Sopelaren etorkizuna diseinatzen laguntzeko konpromisoa hartu dugula. Tamalez, SAEk ez du lankidetza-konpromiso horrekin bat egitea erabaki. Espero dugu beren jarrera berraztertzea eta Abarorekiko duten jarrera aldatzea".