Metroaren maiztasuna handitzeko Garraio Partzuergoari atxikitzea eskatu du Sopelako Udalak

Nahia Martinez Gondra 2024ko ots. 8a, 13:04

Sopelako maiztasuna 20 minutukoa da. © SOPELAKO UDALA

Urtarrilaren 31n egindako osoko bilkuran, Sopelako Udalak urrats erabakigarria eman zuen herrian mugikortasuna hobetzeko, Bizkaiko Garraio Partzuergoari atxikitzeko eskaera adostuz. Mugimendu estrategiko hori Partzuergoaren Estatutuetako 49. eta 50. artikuluen arabera egiten da, eta funtsezkoa da hura integratzea Sopelako geltokian metro-maiztasuna handitzea eskatzeko eta, horrela, herriko herritarrentzako garraio-zerbitzuaren hobekuntza sustatzeko. Izan ere, 80ko hamarkadaren amaieratik, Sopelako biztanleria etengabe hazi da eta, ondorioz, beharrak handitu.

Sopelako alkatea den Guruzne Carrassonen hitzetan, eskaera hau funtsezko neurria da sopeloztarren mugikortasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko. Azaldu duenez, 1989an Euskotrenbideak Sopelan zituen kotxetegiak eta tailerrak inauguratu zirenetik, Metro Bilbaori lekua egiteko egokitu zirenak, biztanleriaren etengabeko hazkundearen lekuko izan dira sopeloztarrak.

Urtean milioi bat joan-etorri baino gehiago egiten dituzten bi metro geltokigaz, Sopela ezinbesteko gune bihurtu da garraio publikoaren sarean. Hala ere, gaur egun Sopelako geltokian 20 minuturo igarotzen den maiztasuna ez dator bat Larrabasterrako geltokian 10 minutuko maiztasun arinagoagaz. "Desoreka horrek eragin zuzena du gure bizilagunen joan-etorrien erosotasunean eta eraginkortasunean. Gure biztanleria hazten doan heinean, funtsezkoa da sopeloztarren premiekin bat datorren garraio publikoko zerbitzua bermatzea", azpimarratu du Carrassonek.

Gainera, 2004az geroztik, "Sopelbus" hiri-garraio kolektiboko zerbitzuak Larrabasterrako metro-geltokia eta udalerriko hondartzak lotzen ditu udan. Berebiziko garrantzia duen zerbitzu horrek, urte osoan dihardu udalerrian, eta zuzenean eragiten dio CTBk kudeatzen duen udalaz gaindiko garraio publikoko politikak. Urrats estrategiko horren bidez, Sopelak "garraio publikoa sustatzeko urratsak eman nahi ditu, eta udalerriak pairatzen dituen trafiko-arazo larriei irtenbidea bilatu nahi die, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko", nabarmendu du Carrassonek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun