Sopela BHIko irakasleek deitoratu dute instruktorearen kontra egindako erasoak asmo txarrez egin dituztela: "Kalumniatu egin zuten, eta haren ohorearen aurkako erasoa ere egin zioten". Gainera, irakasleen profesionaltasuna zalantzan jarri dutela baieztatu dute, ikasle horien familiek aurkeztutako alegazioetan eta haiekaz izandako elkarrizketetan "alaben aurkako intimidazioa, manipulazioa eta presioa egiteaz leporatuz".
Horregatik, erasoak gauzatu dituzten gurasoei eskatu diete "barkamena eskatzea alaben, irakaslearen eta zuzendaritzaren aurrean, erasoa gertatu zen modu berean".
Hala, egoeraren informazio osoa klaustroari, Ordezkaritza Organo Gorenari eta Hezkuntzako ikuskaritzari helarazi diete, irakasleen eta zuzendaritza-taldearen babeserako neurriak har ditzaten. Azaldu dutenez, erasoak jasan dituen irakasleak irakasleen eta langile guztien babesa eduki du ikastetxe barruan gauzatutako urrats guztietan. Halaber, ikuskaritzak babes psikologiko eta juridikoa eskaini dizkiete, erasoak funtzionario gisa aritu bitartean jazo direlako. Jakinarazi dutenez, irakasleak ez dio uko egin egoera auzitegian salatzeko eskubideari.
Azpimarratu dute gatazka "gizatasunagaz" lotuta dagoela: "Batzuen tesia ezartzeko desadostasunak ezin du inoiz justifikatu eraso fisiko edota ahozkoa. Baloreetan hezten ditugu gure ikasleak eta horietako bat da edonori behar zaion errespetua izatea. Ezin dugu inola ere onartu eta justifikatu iritzi ezberdinak edukitzeagatiko errespetu faltak".