Ez da Sopelan instalatzen den lehen radar pedagogikoa. 2023an mota horretako gailu bat jarri zen Olabide kalean, Urdulizko ospitale berrirako igarobide nabarmena zelako. Ikasturte berriagaz, radar pedagogiko hau Larrabasterrako Gatzarriñe eta Urgitxieta kaleetara lekualdatu zen, trafiko eta abiadura gehiegizkoagaz arazo bera duen eremu batera.
Gainera, dagokion lizitazioaren eta esleipenaren ondoren, 2023an kabinak ezarri ziren joan-etorri handiko lau puntutan, zehazki Olabide, Sabino Arana eta Akilino Arriolan.
Sopelako Udalak adierazi duenez, neurri horiek udalerriko ibilgailuen zirkulazioa eta abiadurak kontrolatzeko premia larriari erantzuten diote. Izan ere, kexak etengabeak dira Sopelako hainbat puntutan, udalerriaren eta Uribe Kosta osoaren hazkundearen ondorioz, gehiegizko abiadurari eta trafikoaren gorakadari lotuta. "Trafikoko saihesbide egokirik ez dagoenez, Sopela igarotze udalerria da oraindik, gure errepideek eskualdeko trafikoaren zati handi bat jasaten dute, eta gure lehentasuna pertsonen segurtasuna eta ongizatea bermatzea da", nabarmendu du Udalak.
Hala, 2024. urtean bosgarren kabina bat erosi eta ezarriko dute, Ander Deuna ikastolaren inguruan Gatzarriñe kalea estaliko duena, bide horretan behin eta berriz agertzen diren gehiegizko abiadurari buruzko kexei erantzuteko. Era berean, Akilino Arriolaren radarra zahar-etxera eta Iberre kaleko aldapara eramateko aukera aztertuko dute.