Euskotren Women Winter Series txapelketan arituko da Ihart Arakistain

Ander Zarraga 2024ko ots. 23a, 13:01

Puntistek txapelketaren aurkezpena egin dute aste honetan Durangoko Ezkurdi frontoian. © ERAMAN JAI ALAI

Durangoko Ezkurdi pilotalekuak emakumezkoen zesta-puntako bigarren txapelketa hartuko du otsailaren 26tik martxoaren 11ra bitartean. Norgehiagoka horretan arituko diren pilotarien artean egongo da sopeloztarra. 

Iazko txapelketan finalaurrekoetara heldu zen Arakistain, Frida Watkins zumaiarragaz batera. Aldiz, astelehenean, hilak 26, hasiko den txapelketan Arakistain Elaia Gogenola berriatuarra izango du taldekide. Beraien lehen partidua martxoaren 4an izango da, 19:00etan, Erika eta Maialenen aurka.

Egungo txapeldunak, Erika Mugartegi eta Araia Lejardi ez dute bikote moduan jokatuko aurtengo txapelketan. Batetik, Mugartegik Maialen Aldazabalegaz (Berriatua) jokatuko du, eta, bestetik, Lejardik Helena Barrenetxea durangarra izango du taldekide. Txapelketako laugarren bikotea Maite Ortiz de Mendibilek (Gasteiz) eta Frida Watkingsek (Zumaia) osatuko dute.

Horrez gain, gizonezkoen Banakako Series txapelketa ere jokatuko dute Johan Sorozabalek, Ludovic Laduchek, Aritz Erkiagak Unai Lekerikak. Lehendabiziko biak otsailaren 26an izango dira aurrez aurre, eta astebete geroago, puntista bizkaitarren txanda helduko da. Azken bi horiek jokatu berri den Eusko Label Winter Series txapelketako finala jokatu dute elkarren aurka.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun