Kosta Trail itsas mailako lehen mendi lasterketa da, lurrezko, hareazko eta asfaltozko azaleragaz. Gainera, urtero parte hartze handia izaten du. Horren erakusle da azken urtean ia 4.000 pertsonak parte hartu zutela trail running eta mendi martxetan. Maratoi Erdian izena emateko prezioa 18 eurokoa izango da mendian federatutakoentzat, eta 23 eurokoa federatu gabekoentzat. Ibilaldietan, zailtasun ertaineko mendiko martxaren kasuan eta irisgarria familiakoan, prezioa 6 eurokoa da.
Parte-hartzaile guztiei esker, antolatzaileek GaituzSport Fundazioak garatzen dituen programei emango diete bildutako diruaren zati bat, adin nagusikoak diren edizio honetako izen-emateen bidez. Fundazioak Jarduera Fisikoa eta Kirola sustatzen ditu gaitasuna duten eta ez duten pertsonen artean, baldintza berdinetan, eta haien bizi-kalitatea hobetuz.
Era berean, Kosta Trailek urtetik urtera jasangarriagoa izan gura du, eta horregatik egin du ingurunean ahalik eta inpaktu txikiena sortzeko apustua. Erakundeak jasangarritasunaren aldeko neurriak ezarri ditu azken urteetan, eta ekintza horiek ekainaren 16an mantenduko dira, hala nola plastikoen erabilera murriztea probaren aztarna ekologikoa murrizteko, eta "martxistek" autosufizientzian parte hartzea. Horrek esan nahi du pertsona bakoitzak bere ur-ontzia eraman behar duela beragaz batera.
Probaren informazio guztia webgunean aurki daiteke edota bere sare-sozialetan. Bertan, parte-hartzaileek aholkuak, gomendioak eta sentsazioak trukatu ahal izango dituzte, baita berritasunak, fitxa teknikoak, araudia, ibilbidea, aurreko edizioen laburpena eta erakunde onuradunari buruzko informazio guztia kontsultatu ere.