Lonja komertzialak babes ofizialeko etxebizitza bihurtzeko ordenantzari hasierako onespena eman dio Sopelako Udalak

Nahia Martinez Gondra 2024ko mar. 27a, 10:33

Lurzoru berririk erabili behar izan gabe etxebizitza eskuragarrien kopurua handitzea lortu gura dute. ©SOPELAKO UDALA

Atzo, martxoaren 26an ospatutako Sopelako Udalaren azken osoko bilkuran, hutsik dauden merkataritzako lokalak, Babes Ofizialeko Etxebizitzen (BOE) baldintzapean, etxebizitza bihurtzea ahalbidetuko duen udal ordenantza baten hasierako onarpena lortu zen.

Prezio eskuragarriko etxebizitza-eskaintzarik eza kezka nabarmena da Sopelan; izan ere, herritar askok ezin izan dute etxebizitza duinik lortu beren bizi-proiektuak garatzeko. Aldi berean, merkataritza-lokal huts ugari egoteak, jatorrizko helbururako erabiltzeko aukerarik gabe, erronka gehigarri bat ekarri dio komunitateari.

Etxebizitzaren Legeak udalei ahalmena ematen die hirugarren sektoreko erabilerak bizitegi-erabilera bihurtzeko, plangintza orokorra aldatu beharrik gabe. Hala, onartutako ordenantzak ezartzen du etxebizitza horiek eskuratzeko baldintza ekonomikoak eta Eusko Jaurlaritzak zehaztutako Babes Publikoko Etxebizitzenak baliokideak izango direla.

Arau honen helburua da itxita dauden eta merkataritza-funtziorik ez duten lokal horiek etxebizitza bihurtzea. Hala, eskaintza handitzea gura dute, prezio merkeagoakaz. Ordenantza honen bidez, halaber, lurzoru berririk erabili behar izan gabe etxebizitza eskuragarrien kopurua handitzea lortu gura da, eta, gainera, erabili ez diren lokal horien jabeek lokal horietarako irteera bat izatea.

Garrantzitsua da nabarmentzea neurri hau udalerriaren merkataritza-garapenean eragin negatiborik ez izateko moduan ezarriko dela. Lokalak etxebizitza bihurtzeko aukeratutako eremuak kontu handiz mugatuko dira, Sopelako tokiko merkataritzaren garapena ez zigortzeko moduan.

Sopelako Hirigintza zinegotzi  Mikel Tapiaren arabera, etxebizitza lehen mailako arazo bihurtu da gazte eta herritar guztientzako: "Ordenantza hau onartuta, gure udal eremutik urrats berri bat ematen dugu etxebizitza izateko eskubide subjektiboa errealitate bihurtzen saiatzeko".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun