Sopelako Udalak hiru urterako lorezaintza-zerbitzua lizitatuko du 2,4 milioi eurogatik

Ander Zarraga 2024ko api. 12a, 09:51

Sopelako lorategi bat, artxiboko irudian.

Lizitazioa bi lotetan egongo da banatuta eta 352.796,76  euroko igoera izango du, langileen lan-baldintzak hobetzeko eta zerbitzuaren antolaketa teknikoa eguneratzeko. Mikel Tapia hirigintza zinegotziak adierazi du kontratu horren "kontrol zorrotza" egingo duela Udalak, "egindako esfortzu ekonomikoaren mailara egon dadin".

Martxoaren 26an egindako Udalaren osoko bilkuran, udalerriko lorategi eta bide publikoen mantentze jasangarriko zerbitzuaren lizitazioa onartu zuten aho batez. Zerbitzua bi lotetan banatuko dute: batetik, eremu libreak, parkeak, lorategiak, ezpondak eta zuhaitzak mantentzea lizitatuko dute, eta bigarrenean, landa bidezko bazterrak eta arekak baliabide mekanikoaren bidez garbitzea kontratatuko dute.

Udaleko iturriek azpimarratu dutenez, zerbitzu berria kontratatzearen helburua da Sopelako lorategi eta udal-bideak modu estetiko, osasungarrian eta ingurumena errespetatuz, baldintza egokietan mantentzea. Horretarako kontratuak hiru urte iraungo du, hitzarmena sinatu eta hurrengo egunetik aurrera, eta urtebeteko iraupena duten bi luzapen ere izan ditzake.

% 77ko igoera

Argitu dutenez, hiru urteko lizitazioa 2.428.706,26 eurokoa izango da, 809.568,76 euro urtero. Aurrekoagaz alderatuta% 77ko kostuaren igoera suposatzen du horrek, baina Mikel Tapia Hirigintza zinegotziaren ustez, “aurrekontuaren igoera honek zerbitzuaren kalitatea ez ezik, langileen lan baldintzak hobetzea ekarriko du derrigorrez”. Halaber, gogoratu du 2024ko udal-aurrekontuetan lorezaintzari esleitutako partida 216.701,73 eurotan handitu zutela, 2023koagaz alderatuta,hau da, %47ko igoera.

Zentzu horretan, "lorezaintza-zerbitzua sopeloztarrentzat gai hunkibera izanik", hobekuntza teknikoak eta zerbitzuaren kontrol zorrotzagoa egingo dutela iragarri du zinegotziak. Gainera, antolaketa teknikoa eguneratu gura dutela iragarri dute, kalitatezko zerbitzua bermatzeko: lan egutegi-antolaketa, lanen jarraipena...

Horrez gain, bi loteetan ateratzeak zerbitzuaren optimizazioa dakarrela ere azpimarratu dute; izan ere, bide-garbiketak denbora asko kentzen die beste eginkizunei. “Udalaren lehentasunezko eginbeharra izango da kontratu honen kontrol zorrotza egitea, Sopelako lorezaintza zerbitzua Udalak egindako esfortzu ekonomiko izugarriaren mailara egon dadin”, adierazi du Tapiak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun