Sopela guztientzako udalerria al da? izenburupean, inklusioaren garrantziaz sentsibilizatzea izango du helburu jardunaldiak. Gainera, aniztasun funtzionala duten pertsonek beren esperientziak zuzenean partekatuko dituzte, herritar guztiek beren egunerokotasunaren ikuspegiaren berri izateko.
Begoña Benito del Valle eta Soko Sanchez dira jardunaldiko hizlariak, ibilbide luzea eta gaian ezagutza sakona duten Sopelako komunitateko bi kide. Hala, hiriko irisgarritasunaren errealitatea erakutsiko dute.
Antolakuntzatik adierazi dute inklusioaren garrantzia azpimarratu gura dutela: "Irisgarritasuna funtsezko baldintza da pertsona guztiak gizartean integratuta senti daitezen".
Azken helburua da pertsona guztientzako "ingurune irisgarriak" sortzea eta bizitzaren alderdi guztietan inklusioa sustatzea, euren esanetan hori delako benetako inklusioa. Zentzu horretan, Sopelako Udala helburu horregaz konprometituta dagoela adierazi du: "Sopela gizarteratzearekin konprometitutako udalerria da eta irisgarritasun-plan bat du abian".
Hala, Udalak inklusioari eta irisgarritasunari buruz gehiago jakin nahi duten pertsona guztiak gonbidatzen ditu jardunaldi honetara batzera: "Aukera paregabea izango da aniztasun funtzionalarekin bizi direnen errealitateak hobeto ulertzeko, bai eta gure komunitatean ingurune inklusiboagoa eraikitzeko beharrezko neurriei buruz ikasteko ere".