Helburuak dira ikastetxeetarako joan-etorrietan mugikortasun aktiboa, iraunkorra eta segurua sustatzea, eta, horrez gain, talde-lana, parte-hartzea, hausnarketa eta eraldaketa-prozesua bultzatzea. Sopelako Udalak Zipiriñe eta Ander Deuna ikastetxeakaz elkarlanean sustatutako ekimen berritzailea da Sopela Bideak.
Ander Deuna ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailako ikasleek eta Zipiriñeko Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailakoek parte hartuko dute proiektu honetan. Datorren astean hasiko da eta honako helburu hauek ditu: ingurune lagunkoia eraikitzea, ikasleen autonomia indartzea, guztien osasuna hobetzea eta gure erkidegoan trafikoa murrizten eta ingurumena hobetzen laguntzea. Hala, ekimena datozen hilabeteetan zehar luzatuko da.
Proiektuak honako jarduera-egutegi honi jarraituko dio:
-
Egoeraren hasierako azterketa gisa, datorren astean, ikasleek beren autonomiari eta mugikortasunari buruzko inkesta bat egingo dute.
-
Maiatzean, datu-meatzaritza saioa egingo dute inkestetan lortutako emaitzetan sakontzeko.
-
Ekainean, mapeoa egingo dute ikastetxeetara elkarregaz joateko elkarguneak eta ordutegiak planifikatu eta zehazteko.
-
Irailean, informazio-bilera bat egingo dute familiakaz, proiektuan parte har dezaten.
-
Urriaren hasieran, diagnostiko-saioak egingo dira, eta, horietan, kalera aterako dira, aurretik proposatutako ibilbideak aztertzeko.
-
Amaitzeko, azken etapa batean, hasierako inkesta berriro administratuko dute, proiektuaren eragina ebaluatzeko eta haren eraginkortasuna neurtzeko.
Sopelako alkatea den Guruzne Carrassonek nabarmendu du proiektu hau urrats bat dela mugikortasun iraunkorra sustatzeko eta eskola-komunitatearentzat ingurune osasungarriagoak eta seguruagoak sortzeko.
Halaber, antolatzaileek adierazi dute proiektuaren helburua ikasleen autonomia sustatzea baino “zerbait gehiago” dela; izan ere, ekimenak bilatzen du herria irisgarriagoa eta seguruagoa izatea, ikastetxeen arteko lankidetza sustatzea eta Udalarekiko harremana sendotzea. "Tartean dauden hiru erakundeen arteko lankidetza integrala da. Ezinbestekoa da azpimarratzea bi zentroak elkarlanean ari direla ahalegin horretan", ziurtatu du alkateak.