Sopelako Legealdi Planaren helburua da herria "dinamikoagoa, inklusiboagoa, euskaldunagoa eta bizi-kalitate handiagokoa bilakatzea"

Nahia Martinez Gondra 2024ko api. 25a, 14:51
12 arlotan banatutako 63 ekintzaz osatutako plana da. © SOPELAKO UDALA

Atzo, apirilak 24, Sopelako Udaleko Udal Gobernuak datozen lau urteetarako Legealdi Plana aurkeztu zuen, 2023-2027 aldian bere kudeaketa gidatuko duten ekintzak aurkeztuz. EH Bilduk eta Elkarrekin Sopelak osatutako Gobernu Taldeak dokumentu batean zehaztu zituen bere jarduna bideratuko duten ildo nagusiak: 12 arlotan banatutako 63 ekintzaz osatutako plana da eta helburu nagusi du sopeloztarren ongizatea bermatzea.

Sopelako alkate Guruzne Carrassonen hitzetan, “Sopela dinamikoagoa, inklusiboagoa, euskaldunagoa eta bizi-kalitate handiagokoa lortzea norabide egokian eta urrats jakin batzuetan gauzatu behar da. Gure legealdi planean agertzen diren ekintzak norabide horretan jartzen dute Sopela”. Hala, jakinarazi du orain arte egin dutena, egiten ari direna eta etorkizunean eman nahi dituzten pausoak "gardentasun osoz" azaldu nahi dietela herritarrei.
 

Legegintzaldiko Planak herritarren bizi-kalitatea hobetzea du helburu, hala nola, etxebizitza-arloko ekimenak, lonjak etxebizitza bihurtzea eta etxebizitza babestua sustatzea, edota hirigintza-arloko hobekuntzak, hala nola Urgitxieta plaza eraberritzea eta erdigunea erdi oinezkotzea. Halaber, hezkuntzaren ikuspegia nabarmentzen da, Zipiriñe eta Iberreko ikastetxeetan espazio-arazoei arreta emanez, eskola-bide seguruak ezarriz eta kirola eta kultura bultzatuz.

Inklusioa, elkartasuna eta euskararen sustapena zeharkako ardatzak dira, aniztasuna ikusarazteko eta euskararen ikaskuntza sustatzeko ekintzakaz. Gainera, bizi-kalitatea hobetzeko neurriak garatzen dira, hala nola garraio publikoaren sustapena eta tokiko merkataritzaren sustapena.

Zehazki, hauek dira haren 12 ildo estrategikoak, eta Udalaren webgunean kontsulta daitezke oso-osorik:

1. Etxebizitza. Lonjak etxebizitza bihurtzeko ordenantza, babes publikoko etxebizitzen sustapena Asun eta Loiolan.

2. Hirigintza. Sopela pertsonentzat. Urgitxieta plaza eta ondoko kaleak eraberritzea, erdigunea erdi oinezkotzeko proiektua hobetzea, Sopelako hondartza-erdigunea kohesionatzea, HAPO bultzatzea, irisgarritasuna eta auzo-bideak hobetzea.

3. Hezkuntza. Hezkuntza, gure etorkizuna. Zipiriñe eta Iberre ikastetxeetako espazio-arazoei aurre egiten jarraitzea eta Loroño eta Abaro lursailak Eusko Jaurlaritzaren esku uztea, eskola-bide seguruen proiektua, Sopelako Eskola Kontseilua martxan jartzea.

4. Ingurumena Trantsizio ekologikoa. Urko hezegunearen naturgunearen proiektuaren lehen fasea gauzatzea, Sopelako auzo-bideen inbentarioa eta mantentze-lanak garatzea eta Zipiriñeko Eskolan eguzki-plaken kopurua handitzea.

5. Kultura Herri sortzaile eta dinamikoa. Liburutegi berria, sorkuntza bekak, gazteentzako ikasketa gelak, kalitatezko kultur eskaintza etxean Kurtzioko kulturarena, Larrabasterrako jaiak Sopelakoakaz orekatzea, udal eraikinetako ikasgelak,...

6. Kirola. Aisia aktiboa eta osasungarria. Kirol Plan Estrategikoa, Kirol Instalazioen Ikuskapen Teknikoa eta Inbertsio Plana, Iturrieta eta Artaza parkeak hobetzea eta Ugeraga, Kurene eta tokiko beste kirol-elkarte batzuekin lankidetza-hitzarmenak sinatzea.

7. Parte-hartzea eta gardentasuna. Gertuko udal bat. UPV/EHUrekiko partaidetzazko gobernantza-plana, Udal Erregelamendu Organikoa berritzea.

8. Elkartasuna eta aniztasuna. Inklusibotasuna eta zaintza. Aniztasuna ikusarazteko eta lantzeko ekintzak, bi etxebizitza Mankomunitateari lagatzea gizarte-larrialdiko kasuetarako, udaletako eta eskualdeetako gizarte-dirulaguntzak hobetzea.

9. Euskara. Gure ilusioa, herri euskalduna. Euskara Plan berri bat, Euskaltegian euskara doan ikasteko baliabideak eskaintzea, Udalaren kontratu eta hitzarmenetako euskara klausulak.

10. Bizi-kalitatea. Egunerokoa. Bideak garbitzeko eta lorezaintzako zerbitzuak hobetzea, trafikoa moteltzeko neurriak, Sopelako mugikortasun-plana berritzea, bidegorrien sarea hobetzea, garraio publikoa eta ekologikoa sustatzeko interpelazioa: Bizkaibus (Atxabiribil, Arrietara, UPV/EHU), Metro Bilbao (maiztasunak handitzea).

11. Ekonomia eta turismoa sustatzea. Tokiko merkataritza bultzatzea. Hitzarmena Merkatarien Elkarteagaz, "Bendeja" edo azoka sustatzea, Urkoko autokarabanen aparkalekua berritzea...

12. Pertsonak. Komunitatea. Sopela "herri atseginagoa" bihurtzea adinekoentzat, Sopelako gazteria kontseilua bultzatu, mugimendu feministagaz elkarlana espazio propioa emanez.

Alkateak adierazi du jarduketa-plana ahalik eta "gardenena eta errealistena" izaten ahalegindu direla. Azaldu duenez, ez da plan itxia, eta, beraz, herritarrek, eragile sozialek, udal-langileek eta Udalbatzako gainerako taldeek proposatuta, aldaketak eta hobekuntzak egiteko aukera egongo da, betiere udal funtzionamenduak ahalbideratzen dituen ohiko bideak erabilita.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun