Sopelbusaren ibilbidearen diseinu berria A3 eta A4 formatuetan egongo da eskuragarri autobus-geltokietan, eraikin publikoetan eta Sopelako turismo-bulegoetan. Gainera, formatu txikiagoan eskainiko dute ordutegiakaz batera, erabiltzaileek informazioa erraz eskuratu ahal izango dutela bermatzeko.
Toki Garapeneko zinegotzi Eder Garciaren hitzetan, diseinu berria martxan jartzea "urrats garrantzitsua" da erabiltzaileen esperientzia hobetzeko. Hala, helburua da garraio publikoa irisgarriagoa eta ulerterrazagoa izatea: "Diseinu hori hainbat formatu eta kokapen nagusitan eskuragarri dagoenez, ziur gaude Sopelako egoiliarrek eta bisitariek askoz komenigarriagoa izango dutela bidaiak Sopelbusen planifikatzea".
Horrez gain, Sopelbuseko ordutegia 19:00ak arte luzatzea ere gaitu da, Sopelako irisgarritasuna eta konektibitatea optimizatzen dituen ibilbide zirkularra eskainiz. Joan den apirilaren 8tik, 17:00etatik aurrera, autobusak ibilbide zirkular bat egiten du, Larrabasterrako metrotik abiatzen da, Arrietara etorbideko biribilgunetik jarraitzen du, Atxabiribiletik igarotzen da eta biribilgunean bira bat egiten du herriaren erdigunera iristeko. Gero, Osasun Zentrora joaten da, Jubilatuen Etxetik igarotzen da, Larrabasterrako metroaren abiapuntura itzuli aurretik. Ibilbide berri hau egoiliarrei Sopelako zerbitzu eta leku interesgarrietara modu egokiagoan sartzea errazteko diseinatu da.
Gainera, Sopelbusaren ibilbide berria Larrabasterran amaitzen den metroagaz ere sinkronizatuta dago, garraio publikoaren eta Arrietara eta Atxabiribil tarteen arteko konexio arina ahalbidetuz, 19:00ak arte.
Arrastiko zerbitzu hobetu hori eskaini ahal izateko, linea bidezko erabilera-patroien azterketa zehatza egin da, eta, horren ondorioz, eguerdiko tartean zerbitzua murriztu egin da, eskaera txikiagoa baita. Horri esker, Sopelbusek 13:30etik aurrera berrekingo dio bere zerbitzuari, eta ez 12:00etatik aurrera. "Sopelako Udalak lanean jarraituko du ahalik eta zerbitzurik onena eman ahal izateko, gure udalerriko eremuak lotzeko eta garraio publikoaren erabilera sustatzeko, mugikortasun jasangarria bultzatuz", azpimarratu du Garciak.