Ertzaintzak emandako datuak bat datoz Udaltzaingoak 2023ko ekitaldiari buruz egindako azterketagaz, eta hori, joan den urtarrilean aurkeztu zitzaien udal-taldeei Informazio Batzordean.
Udaltzaingoak emandako 2023ko datuen arabera, Sopelako Udaltzaingoak 5.750 jarduketa erregistratu zituen guztira. Horietatik, % 25 laguntza-lanak izan ziren, eta ia % 12 galdutako objektuen kudeaketa. Gainera, % 17,5 trafikoagaz lotu ziren, % 5 zaintza eta ikuskapeneaz, eta 265 jarduketa erregistratu ziren animaliakaz, 32 zehapen-proposamenekaz hainbat arau-hausterengatik. Trafikoko esku-hartzeei dagokienez, 127k zerikusia izan zuten istripuen arretagaz, eta horietatik 7k bakarrik izan zuten zauritu arinen bat.
Udaltzainen eta TAO zaintzaileen zehapenei dagozkien trafiko-salaketak 5.560 izan ziren guztira; horietatik 1.198 radar-trafikoko zehapenei dagozkie, 85 alkohola eta drogak detektatzeari, eta 23 bide-segurtasunaren aurkako delituakaz lotutako atestatuei.
Delitu estrategikoei dagokienez, batez ere etxebizitzetan egindako lapurreten harira, beherakada izan zen aurreko urtearen aldean, guztira 21 delitu zenbatu baitziren. Gertakari horiek bi atxiloketatan eta kasuen erdiak ebaztean gertatu ziren. Bereziki aipatu behar da 2023ko memorian radarrak martxan jarri direla, Sopelako hainbat eremutan gehiegizko abiadurari eta trafikoaren igoerari buruzko kexak etengabe estaltzeko. Era berean, radar eredu pedagogikoago bat ezarri zen, herritarrak udalerriko zenbait puntu gatazkatsutan, hala nola Urgitxieta, Gatzarriñe eta Ingestabaso kaleetan, lortutako abiadurei buruz ohartarazteko.
Unai del Burgo herritarren segurtasun arloko zinegotziaren arabera, "Ertzaintzak eta Udaltzaingoak emandako benetako datuek erakusten dute, pertzepzio subjektiboetatik haratago, Sopela udalerri segurua eta lasaia dela". Modu horretan, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak egiten duten prebentzio eta zerbitzu lana nabarmendu du. Izan ere, adierazi du Sopelako benetako egoera azaltzea ezinbestekoa dela "mezu alarmista eta sekurokrata gutxiesteko orduan".
Del Burgok egungo gobernu taldeak zerbitzua hobetzeko duen asmoa azpimarratu du. "Hurbileko udaltzain eredu baten aldeko apustua egiten dugu. Zentzu horretan, Udaltzaingoaren egungo instalazioak berritzeko proiektua garatzen ari gara, herriaren erdigunean mantenduz.
Era berean, Udaltzaingoaren plantillan gaur egun dauden lanpostu hutsak bete nahi ditugu, hiru agente gehiago izango bailirateke, eta neurri horrek udaltzaingoaren zerbitzua hobetuko luke, hainbat arlotan, hala nola herritarrei laguntza ematean, trafikoaren kontrolean eta abarretan. Hautaketa-prozesu horretan, besteak beste, honako alderdi hauek lehenetsiko dira: euskara, herritarrenganako arreta, aniztasuna, genero-ikuspegia, eta abar".