Sopelako Aholku Batzordea maiatzaren 22an bilduko da, HAPOa garatzeko helburuagaz

Nahia Martinez Gondra 2024ko mai. 22a, 09:27

Bilera Sopelako Osoko Bilkuren aretoan egingo da, arrastiko 18:30ean. © SOPELAKO UDALA

Sopelako Udal Plangintzako Aholku Batzordea gaur, maiatzak 22, bilduko da, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aurrerapenaren dokumentua aurkezteko. Bilera hori Osoko Bilkuren aretoan egingo da, arrastiko 18:30ean eta udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek parte hartuko dute, bai eta Aholku Batzordean parte hartzeko interesa agertu duten tokiko eragileek ere.

Plan orokorrak behin betiko onartzeko eskumena duten 7.000 biztanletik gorako udalerrietan nahitaezkoa den kontsulta-organo hori bigarrenez bildu da Sopelan, joan den irailean lehen aldiz elkartu ondoren. Oraingo honetan, HAPOren Aurrerapenaren dokumentua aurkeztuko da, udalerriko hirigintza-antolamenduaren irizpideak, helburuak, alternatibak eta proposamen orokorrak zehazten dituen zirriborroa.

Aurrerapena funtsezkoa da HAPOren idazketa bideratzeko, eta jendaurrean jarriko da edozein interesatuk azter dezan. Edukia udal gardentasunaren atarira igoko da, herritarrek parte har dezaten iradokizunak eta alternatibak aurkeztuz. Erakusketa-fase horrek uda osoan iraungo du, eta herritarrek HAPOren egitura orokorraren definizioan parte hartzea erraztuko du.

Gainera, ekainaren 4an, Kurtzio Kultur Etxeko Auditorioan Aurrerapenaren edukiaren jendaurreko erakusketa egingo da, herritar guztiei zuzendua. Ekainean, oraindino zehazteke dauden egunetan, herritarrek parte hartzeko beste bi saio egingo dira Aurrerapenakaz lotuta, eta, horrela, Sopelako hirigintza-garapenean herritarren inplikazio handiagoa sustatuko da.

Urrats horiek etengabeko prozesu baten parte dira, HAPOk herritarren beharrak eta nahiak islatzen dituela bermatzeko, hiri-plangintza inklusibo eta garden baterantz aurrera eginez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun