Pobrezia energetikoa duten familientzako ezohiko diru-laguntzak emango dituzte Sopelan

Nahia Martinez Gondra 2024ko mai. 23a, 13:41

Eskatzaile eta bizikidetza-unitate bakoitzeko gehieneko laguntza ekonomikoa 500 eurokoa da. © SOPELAKO UDALA

Energia hornidurako gastuetarako laguntza ekonomikoak emango ditu Sopelako Udalak. Hala, aparteko deialdi honen helburua da udalerrian premia ekonomikoan dauden bizikidetza-unitateei diru-laguntzak ematea arautzea. Modu horretan, familien ohiko etxebizitzaren energia-horniduraren gastua estali gura du (elektrikoa, gasa edo beste erregai bat), 2023ko urtarriletik irailera bitartean sortutakoa. Aldez aurretik laguntzarik eskatu ez zuten edo diru-sarrerak direla-eta eskaerak ezetsi zitzaizkien unitateetara bideratzen da bereziki.

Laguntza hauen onuradun izateko, baldintza hauek bete behar dira:

  • Gutxienez 18 urte izatea.
  • Eskatzaileak gutxienez urtebetez egon behar du Sopelan erroldatuta, muturreko gizarte-bazterkeria edo genero-indarkeria kasuetan izan ezik.
  • Etxebizitzak Sopelan egon behar du, eta laguntza eskatzen duen familia-unitatearen ohiko bizilekua izan behar du.
  • Familia-unitateko ezein kide ezin da egon Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak debekatutako egoeretan.

Bizikidetza-unitatearen (BU) urteko diru-sarrerek honako muga hauek bete behar dituzte:

  • Pertsona bakarrekoak: 2023rako diru-sarreren gutxieneko soldata (14.000,00 euro).
  • Bi pertsona: 21.000,00 euro.
  • Hiru pertsona edo gehiago: agintari eskudunek ezarritakoaren arabera.

Laguntza eskatzeko prozedurari dagokionez, hiru pauso egin behar dira:

  1. Lehenago ezetsitako eskabideak aurkeztu dituzten pertsonek ez dute beste eskaerarik aurkeztu beharrik izango.
  2. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, BAOn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hau da, maiatzaren 24tik aurrera.
  3. Eskabideak I. eranskineko eskabide-eredua eta erantzukizunpeko adierazpena erabiliz aurkeztuko dira. Eskabide horiek Sopelako Udaleko Erregistro Orokorrean (Sabino Arana kalea 1) aurkeztu beharko dira, bai eta bide telematikoz ere, Udalaren egoitza elektronikoaren bidez.

Eskatzaile eta bizikidetza-unitate bakoitzeko gehieneko laguntza ekonomikoa 500 eurokoa da, eta ezin da izan unitate eskatzaileak horniduran ordaindutako gastuaren % 75 baino handiagoa.

Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna

  1. Laguntza horiek bateragarriak dira Sopelako Udala ez den beste erakunde batzuek emandakoakaz, betiere gain finantzaketarik ez badago.
  2. Udalak egoera hori egiaztatuko du eskuragarri dauden elkarreragingarritasun-bitartekoen bidez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun