#0KM - Berton bertokoa

Jaime Tejeda Jimenez: "Bezeroekiko tratua hurbilagoa da gure sektorean, jendearen etxeetara sartzen garelako"

Nahia Martinez Gondra 2024ko mai. 29a, 09:30

Jaime Tejeda Jimenezek tailer bat sortu zuen bere amagaz, 18 urte zituela.

Sopelan kokatutako El Rincón de Eva ehungintzako artisautza dendak 30 urte daramatza udalerriko etxeen dekorazioa eta tapizgintza lantzen, beste gauza askoren artean. Hala, negozio familiarrak herritarren konfiantza irabazi du, eta Jaime Tejeda Jimenez jabeak harro dio "hiru belaunaldiko familiak" dituztela bezero gisa. Sektoreko beste komertzio batzuekaz alderatuta, bere negozioa berezia dela nabarmendu du, denda izateaz gain tailerra ere delako: "Guk egiten dugu guztia: neurtu, egin, kolokatu...". Gainera, duela 3 urte beste denda bat ireki zuten eskualdean, oraingoan, Areetan.

Jaime Tejeda Jimenezek txikitatik ikusi izan du bere ama ehuntzen, beste denda batzuentzako josten zuelako, eta hari esker berak ere ikasi zuen. Hala, 18 urte zituela bere amagaz batera tailer bat sortzea erabaki zuen. Lisatzeko makina handi bat erosi, lonja bat alokatu eta lanean hasi ziren. "Gogoan dut nola biak bakarrik egonda, 45 dendetarako lan egiten genuen", azaldu du oroitzapenetan murgilduta.

Egun, El Rincón de Eva izeneko bere denda propioak zabaldu ditu eskualdean: bata, Sopelan, 30 urte dituenak, eta bestea, Areetan, duela 3 urte irekitakoa. Baieztatu digu "lan handia" duela, azkenaldian gero eta denda gutxiago dagoelako sektorean. Hala, gremioa "desagertzen" ari dela deitoratu du.

Egiten dituzten gauza askoren artean, tapizgintzan eta dekorazioan nabarmentzen dira. Tailerra ere dira, beraz, prozesu osoan zehar presente egoten dira. "Guztia nik egiten dut. Beraz, akatsen bat izanez gero, denek dakite nor den erruduna, beti dagokit niri, kar-kar", dio txantxetan.

Onartu du etxeen dekorazioa nola aldatzen den ikusteaz asko gozatzen duela, baita sormen-prozesuaz ere. Halere, aitortu digu zein den bere negoziotik gehien gustuko duen gauza: bezeroekiko harremana. "Guk abantaila bat dugu beste negozio batzuen aldean; besteen etxera sartzen garenez, haien gunean murgiltzen gara. Tratua hurbilagoa da".

Gainera, "ahoz aho" ondo funtzionatzen dutela nabarmendu du, "hiru belaunaldiko familiak" bezero gisa baitituzte. Hala, urte hauetan, nahiz eta sektorea asko aldatu dela sentitu, haiek berdina egiten jarraitzen dute. "Azoketara goaz dauden berrikuntzak ezagutzeko. Baina, uste dut enpresa handiei begira, denda txikiok badugula inoiz eskaini ezingo duten zerbait: etxera joateko orduan dugun pertsonalizazioa eta prozesua gertutik zaintzeko arreta", baieztatu du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun