HAPOaren aurrerapen dokumentua aurkeztuko du Sopelako Udalak, ekainaren 4ean

Nahia Martinez Gondra 2024ko mai. 31a, 09:44

'Parte Hartu!' lelopean, hainbat partaidetza-saio antolatu dira, udalerriaren hirigintza-garapenean herritarren lankidetza sustatzeko. © SOPELAKO UDALA

Sopelako Udalak aurrera jarraitzen du HAPOren garapenean, Aurrerapenaren dokumentuaren   aurkezpenagaz eta saio parte hartzaile berriakaz batera. Bertan, udalerriko hirigintza-antolamendurako irizpideak, helburuak, alternatibak eta proposamen orokorrak laburbiltzen dira, eta dokumentu horren aurkezpen publikoa egingo dute ekainaren 4an, Kurtzio kultur etxeko auditorioan. Gainera, ekainaren 10 eta 12an herritarren lankidetza sustatzeko partaidetza-saioak egingo dituzte.

Sopelako Udalak aurrerapausoak ematen jarraitzen du Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) garapenean, aurrerapen dokumentuaren aurkezpenagaz. Etapa hau kontratu arautzailean ezarritako zazpi faseetako bigarrenari dagokio. Lehenengo fasean, datuak bildu behar izan ziren, ondorengo hirigintza-erabakiak hartzeko beharrezkoa den funtsezko informazioa laburbiltzeko.

Aurrerapenaren dokumentuak HAPOren behin betiko idazketa bideratuko duen hasierako gida bat da eta plana garatzeko funtsezko "zirriborro" gisa balioko du. 

Dokumentu hau funtsezkoa da HAPOren idazketa gidatzeko, eta jendearen eskura jarriko da, azter dezaten. Udaleko Gardentasunaren Atarian argitaratuko da eta, horrela, herritarrek iradokizunak eta alternatibak aurkeztu ahal izango dituzte. Jendaurreko erakusketa uda osoan zehar luzatuko da, HAPOren definizio orokorrean herritarren parte-hartzea  sustatuz. 

Definizio horretatik abiatuta, eta herritarrek onartzen dutela egiaztatu ondoren, HAPOren alderdi zehatzagoak idazteko lanak egiten jarraitu ahal izango dute, hasierako onarpen-faserako dokumentua osatze aldera.

Erakusketa eta parte hartzeko saioak 

Ekainaren 4an, Kurtzio Kultur Etxeko Auditoriumean Aurrerapenaren edukia jendaurrean jarriko da, herritar guztiei zuzenduta. Arrastiko 18:30ean hasiko da saioa.

Gainera, Parte Hartu! lelopean, hainbat partaidetza-saio antolatu dira, udalerriaren hirigintza-garapenean herritarren lankidetza sustatzeko. Tailer horiek aukera berezia eskainiko dute Sopelako herritarrek  udalerriaren hirigintza-etorkizunari buruzko iritziak, iradokizunak eta kezkak adierazteko. Ekainaren 10ean, lehen parte-hartze saioa izango da Ekogunean, Urgitxieta plazan, 18:30ean. Ekainaren 12an, bigarren parte-hartze saioa izango da, Udaletxeko sarrerako atarian, arrastiko 18:30ean.

Egungo Sopelako alkatea den Guruzne Carrassonen hitzetan pauso hauek prozesu etengabe baten parte dira, "HAPOk herritarren beharrak eta nahiak islatzen dituela bermatzeko, hiri-plangintza inklusibo eta garden baterantz aurrera eginez". 

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun