Ekainaren 11tik uztailaren 8ra irekita egongo da Sopelako aurrekontu parte-hartzaileetan proposamenak bidaltzeko epea

Nahia Martinez Gondra 2024ko eka. 5a, 13:30

Udal ordezkari politikoek Berme Batzorde bat sortu dute prozesuaren gardentasuna bermatzeko. © SOPELAKO UDALA

Sopelako 2024-2025eko aurrekontu parte-hartzaileen helburua da herritarrek udal-proiektuetan erabakitzeko duten gaitasuna handitzea eta 200.000 euroko esleipena ahalbidetzea, biztanleen proposamenen eta botoen arabera. Hala, Sopelako Udalak jakinarazi du ekainaren 11tik uztailaren 8ra bitartean irekita egongo dela proposamenak egiteko epea. Hainbat udal-gunetan egin ahalko da presentzialki, hala nola udaletxean, Kurtzioko kultur etxean, turismo bulegoan, liburutegian, jubilatuen etxean eta udal igerilekuetan. Online ere egin daiteke, hemen.

Sopelako Udalak abian jarri du 2024ko eta 2025eko ekitaldietarako aurrekontu parte-hartzaileen prozesua. Modu horretan, udal-aurrekontuaren zati baten erabileran parte hartzera gonbidatu ditu Sopelako egoiliarrak .

Sopela: Zuk erabaki! lelopean, kanpaina honek sustatu gura du baliabide publikoen kudeaketa parte-hartzaileagoa eta demokratikoagoa. Egungo Sopelako alkatea den Guruzne Carrassonek ekimen honen garrantzia azpimarratu du: "Aurrekontua baliabide publikoak kudeatzeko tresna izanik, oso garrantzitsua da herritarrei hitza eta botoa ematea, baita arlo honetan ere".

Aurrekontu parte-hartzaileen prozesua funtsezko bi zutabetan oinarritzen da: adostasuna eta gardentasuna. Udal talde politiko guztiek adostu dute jarraitu beharreko metodologia, elkarlaneko ikuspegia bermatuz. Gainera, Sopelako gizarte-eragile esanguratsuenek, hala nola ikastetxeek, erretiratuen elkarteek eta herriko kuadrillek, prozesuan parte hartuko dute, erabakiek komunitatearen benetako beharrak eta nahiak islatuko dituztela bermatuz. Prozesua 2024ko maiatzetik azarora egingo da eta argi eta garbi definitutako faseak izango ditu, parte-hartze egituratua eta eraginkorra ziurtatzeko. Hala, Sopelan erroldatutako 16 urtetik gorako herritar guztiek parte hartu ahal izango dute aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan.

Gainera, bai proposamenen fasean, bai bozketaren fasean, 9 urtetik gorako haurrek parte hartu ahal izango dute. Behar bezala parte hartzen dutela bermatzeko, eskola eta/edo ludoteka eta gaztelekuakaz lan egingo da. Eskoletan, proposamenak jasoko dira irakasleakaz eta zuzendaritza-taldeagaz lankidetzan. Haurrek gainerako herritarren proposamen-zerrenda bera izango dute eskura, eta haien botoek helduen botoen balio bera izango dute.

Berme eta Gardentasun Batzordea
Proposamenak egiteaz gain, herritarrek berebiziko garrantzia izango dute prozesua benetan parte-hartzailea izango dela ziurtatzeko. Udal ordezkari politikoek Berme Batzorde bat sortu dute, tokiko hainbat eragilek eta udal teknikarik osatua, prozesuaren buru izateko eta fase guztietan gardentasuna bermatzeko. Hurrengoak dira prozesuaren faseak:
 
  1. ABIATZEA: Prozesuari hasiera emateko, Berme Batzordea sortu zen maiatzaren 28an. Bilera horretan talde honen funtzioak aurkeztu ziren eta, horrez gain, prozesuaren nondik norakoak azaldu ziren.
  2. PROPOSAMENAK JASOTZEA: Ekainaren 11tik uztailaren 8ra bitartean irekita egongo da proposamenak egiteko epea.
  3. PROPOSAMENAK LEHENESTEA: Jasotako proposamenak Berme Batzordeari aurkeztuko zaizkio eta aldez aurretik adostutako irizpideak erabilita, leheneste ariketa burutuko du batzorde horrek iraileko bigarren astean.
  4. BALORAZIO TEKNIKOA: Irailean zehar udaleko teknikariek Berme Batzordetik jasotako proposamen bakoitzaren balorazio teknikoa egingo dute eta aurrekontua kalkulatuko da.
  5. BOZKETA: Urriko lehenengo astetik hasita, jasotako proposamenen bozketa burutuko da. Bozketa fase hau urriko 3. astean amaitutzat joko da.
  6. EMAITZEN AURKEZPENA: Azaroko lehen astean zehar, bozketaren emaitzak aurkeztuko eta martxan jarriko dira proiektuak exekutatzeko tramiteak.
Aurrez aurre parte hartzeko hiru bide daude:
  • Jendaurreko aurkezpenak: ekainaren 11n udaletxeko sarreran eta ekainaren 13an Larrabasterrako Ekogunean, biak 18:00etan.
  • Sopelako jaiak: ekainaren 29an, Udaletxeko plazan, 11:00etatik 13:00etara.
  • Proposamenak jasotzeko guneak: ekainaren 11tik uztailaren 8ra hainbat udal-gunetan, hala nola udaletxean, Kurtzioko kultur etxean, turismo bulegoan, liburutegian, jubilatuen etxean eta udal igerilekuetan.
Online partaidetza hemen egin daiteke. Betiere informazio gehiago jaso nahi izatekotan, herritarrek alkatea@sopela.eus helbidera idatz dezakete edo Sopelako Udalera deitu zuzenean, 944 06 55 00 zenbakira.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun