Sopelako Udalak 1.882.500 euroko aurrekontu-aldaketak onartu ditu kaleen mantentze-lanetan, hiri-hobekuntzetan eta energia-eraginkortasunean

Nahia Martinez Gondra 2024ko eka. 6a, 13:03

Herriko kiroldegia hobetzeko neurriak hartu ditu Sopelako Udalak. © GOOGLE
Pasa den eguenean, maiatzak 30, egindako osoko bilkuran Sopelako Udalak 1.882.500 euroko aurrekontu-aldaketa garrantzitsuak onartu zituen, udalerrian funtsezkoak diren zenbait proiektu finantzatzeko. Inbertsio horiek energia-eraginkortasunetik hasi eta kaleak mantentzera eta kirol- eta jolas-azpiegiturak hobetzera bitartekoak dira. Onetsitako proiektuen artean, Bidebieta kaleko eta Arrietara etorbideko saneamendu-sareak berritzea nabarmentzen da, Bidebietako asfaltatzea barne, guztira 858.300 euroko inbertsioagaz.

Onartutako beste proiektu garrantzitsu bat Urgitxieta kaleko trafiko-arazoei aurre egiteko 608.000 euroko inbertsioa da. Zenbateko horrek finantzatuko du Gatzarriñe kaleko biribilgunea berritzea suziri-ilarak saihesteko, Arabeta kaleko behin-behineko aparkalekua egokitzea, espazioa optimizatuz eta aparkalekua bera jasangarri bihurtuz, eta Urko hezegunea Urgitxieta kaleagaz lotuko duen oinezkoentzako pasabide bat eraikitzea. Onartutako proposamenen artean dago, halaber, Zipiriñeko eskolan eguzki-plakak jartzea, 108.358,86 euroko inbertsioagaz. Neurri hori Udalaren Energia Planean sartuta dago, eta udal-eraikinen autokontsumoa sustatzea du helburu.

Gainera, 35.000 euro inbertituko dira jolas-eremuetan, haurrentzako jolas-guneak aldatuz eta hobetuz, indarrean dagoen araudia betetzeko. Herritarrek herriko kiroldegiaren egoerari buruz egindako kritikak direla eta, Sopelako Udalak neurriak hartu ditu 62.920,00 euroko inbertsioagaz. Horri erantzunez, Kirol Plan Estrategikoa kontratatu da, kezka horiei modu integralean heltzeko diseinatutako dokumentua. Plan horretan, dauden kirol-instalazioen auditoria sakona egingo da eta mantentze-lanen eta inbertsioen plan bat egingo da, instalazioen kalitatea eta funtzionaltasuna hobetzeko.

Azkenik, 210.000 euro erabiliko dira udalerriko hainbat kale asfaltatzeko, zoladuraren egoerari buruz bizilagunek behin eta berriz egindako kexak kontuan hartuta; antzemandako zuloak eta pitzadurak konponduko dira, bereziki Artaza, Mendieta, Trokabide, Zabalbide, Etxebarri, Iberrota, Arabeta, Gatzarriñe, Enriker Urrutikoetxea eta Olabide kaleetan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun