Hiru sektore urbanizagarri berri planteatzen ditu Sopelako HAPOaren zirriborroak

Nahia Martinez Gondra 2024ko eka. 6a, 14:14

© SOPELAKO UDALA

Hiri Antolamendurako Plan Orokor (HAPO) berriaren zirriborroa astelehenean aurkeztu zen jendaurrean Kurtzion, eta bertan Sopelaren etorkizunerako hiru hirigintza-alternatibak planteatu ziren. Aukera horiek eztabaidatuko dira irailaren amaierara arte garatuko den partaidetza prozesuan. 

Hirigintza-mailan ezer berririk ez egitearen edo aukera garatzaileagoen edo ingurumen-inpaktu handiagokoen alde egitearen artean, HAPO berria idatzi duen taldeak erdibide bat aukeratu du, "hiri-eremua eta landa-eremua eraginkortasunez integratzea" bilatzen duen alternatiba bategaz. Hala, proposamenak hiru sektore urbanizagarri berri planteatzen ditu, gaur egun dauden eraikuntzakaz batera. Ander Deuna kanpinaren edo sektorearen ingurua, Urdulizegaz edo Ganebarri sektoreagaz muga egiten duen eremua eta Argaluze ingurua izango lirateke. Sektore horiei egungo plangintzan garatu gabe geratu diren bi sektoreak gehitu beharko litzaizkieke: Ripa eta Abaro. 

Erredakzio-taldeak neurri zehatzak proposatu ditu Sopelako etxebizitza babestuaren egungo defizita estaltzeko, gutxi gorabehera 200 etxebizitzako defizita kalkulatuta. Etxebizitza babestu horiek gaur egun Udalarenak diren lurzatietatik eta Erripa sektorearen eraikigarritasuna handitzetik aterako lirateke. 

Bestalde, Ander Deuna, Argaluza eta Ganebarri sektore berrietatik gutxi gorabehera babes publikoko 711 etxebizitza aterako lirateke. Etxebizitza kopuru hori orientagarria izango litzateke beti, etxebizitzen tamainaren araberakoa izango litzatekeelako. Baina hori bai, EAEko Lurzoruaren Legearen aginduakaz bat etorriz, sektore berri bakoitzeko bizitegi eraikigarritasunaren % 75 etxebizitza babestura bideratu beharko da. 

Trafikoaren arazoari emandako erantzunak ikusmen-, ingurumen- eta paisaia-inpaktu posibleak murrizteko asmoz, "izaera hiritarragoa duten konexioak aukeratzen dira, hiriguneen arteko harremanak eta trafiko baketsuagoa duten bideen erabilera lehenetsiz". 

Horrela, bada, alternatibak proposatzen du aurreikusitako saihesbidearen ordez Bizkaiko Errepideen Lurraldearen Arloko Plana (LAP) ezartzea. Plan horrek hego-ekialdetik inguratuko luke udalerria, Urkomendi eta Munarrikolanda magaletatik, eta Osteikoko bideagaz lotuko litzateke Fraidemendi ingurua zeharkatuko lukeen tunel baten bidez. Horren ordez, trazadura aldatzen da, Argaluze sektorea inguratzeko, Gatzarriñe kaleagaz lotu arte; beraz, Munarrikolandako kordalaren hegala bere horretan uzten da. 

Era berean, Getxo eta Barrika Ingesta basoren bidez lotzeko, Udalaz gaindiko trafikoa berrantolatzea planteatzen da, Loiola Ander Deuna kaleko trafikoa murriztuz, zentroa eta dagoeneko garatuta dauden eremu berriak elkartzeko gune berri gisa balioko duen boulevard bat sortzeko. Aurrerapen Dokumentuak lotura berri bat sortzen du Gatzarriñe kaletik Abaro sektoreagaz, sektore hori Sopelako kanpoaldeagaz lotuz Argaluza inguruaren bitartez. 

HAPOari buruzko kontsulta-prozesua Sopelan eta Larrabasterran herritarrek parte hartzeko bi saio eginez hasiko da: ekainaren 10ean, astelehena, udaletxeko hallean, eta ekainaren 12an, eguaztena, Urgitxieta plazako Ekogunean, biak arrastiko 18:00etan. Aurrerapen-dokumentua eta HAPOren prozesuari buruzko informazio guztia webgune honetan dago eskuragarri. Sopeloztarrek irailaren amaierara arte egin ahal izango dituzte ekarpenak, web orriko iradokizun-postontziaren bidez eta udal erregistroaren bidez. Azken bide hori da gomendagarriena, bide ofiziala baita.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun