Sopelako Udalak mozioa onartu du Aldundiaren itsasadarraren azpiko tunelaren proiektua geldiaraztea eskatzeko

Nahia Martinez Gondra 2024ko eka. 7a, 12:00

Ekimen horrek trafiko-arazoak areagotu ditzakeela nabarmendu dute mozioagaz.
Sopelako Udalak, maiatzaren 30eko osoko bilkuran, mozio bat onartu zuen Bizkaiko Foru Aldundiaren itsasadarraren azpiko tunelaren proiektua berehala gelditzea eskatzeko. EH Bildu eta Elkarrekin Sopela udal taldeek aurkeztu zuten, eta, ondoren, SAAk bat egin zuen mozioagaz, Artatzako biribilgunea Ballonti merkataritza-guneagaz ibaiaz azpiko tunel baten bidez lotzeko proiektuaren idazketaren aurrerapenari erantzunez. Zehazki, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzen diote ibai-azpiaren proiektua gelditzeko eta Sopelarako zein Uribe Kostarako beharrezkoagoak diren inbertsio jasangarriak egiteko konpromisoa formalizatzeko.

2020ko irailean, Bizkaiko Foru Aldundiak Artatzako biribilgunea eta Ballonti ibaiaren azpiko tunel bategaz lotzeko proiektuaren diseinua lizitatu zuen, 10,5 milioi euro ordainduta. Une honetan, proiektua idazten ari dira, ingurumen-txostena eginda, eta Bizkaiko Foru Aldundiak iragarri du lanak urte amaierara edo datorren urtearen hasierara atzeratuko direla.

Foru Aldundiaren arabera, tunel horrek aurre egingo die Arrontegiko zubian bizi diren trafiko-arazoei, eta Supersurreko 2. fasearen jarraipentzat hartzen da. Proiektuak 400 milioi euroko aurrekontua izango du (gainkostuak kontuan hartu gabe) eta autoen erabilerari lehentasun osoa emango dio.

Mozio hori babesten duten udal taldeak kezkatuta agertu dira proiektuak Uribe Kostan izango duen eraginagatik. Udalaren arabera, larrialdi klimatikoaren testuinguruan, proiektua ez da hain justifikagarria, "auto pribatuaren erabilera lehenesten duelako eta eskualdean makro-azpiegiturak ugaritzen laguntzen duelako, 10 minutu eskaseko ibilbidea murrizteko helburuarekin". Hala, nabarmendu du hainbat hiritan emisio txikiko eremuak ezarri eta auto pribatuaren erabilerari mugak jartzen zaizkion bitartean, "ekimen horrek trafiko-arazoak areagotu ditzake Sopelan eta Uribe Kostan, oro har".

Mugikortasunari dagokionez, Uribe Kostarako lehentasun desberdinak iradokitzen dira: garraio publikoa sustatzea, metroaren maiztasuna handitzea eta Bizkaibusek Uribe Kostan dituen lineak hobetzea, bidegorrien sarea osatzea eta bizikletaren erabilera sustatzea Bizkaibizi bezalako proiektuen bidez. Gainera, Sopelako Udalak urteetan proposatu dituen aldaera-proiektuak gauzatzeko beharra nabarmendu dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun