Sopelako merkataritzaren ikusgarritasuna eta dinamizazioa bultzatzeko hitzarmena sinatu dute Udalak eta Merkatarien Elkarteak

Nahia Martinez Gondra 2024ko eka. 11a, 11:25

Hitzarmenaren helburua da merkataritza dinamizatzeko jarduera gehiago egitea. © SOPELAKO UDALA
Joan den maiatzaren 28an sinatu zen ofizialki Sopelako Udalaren eta Udalerriko Merkatarien Elkartearen arteko lankidetza-hitzarmena, Mireia Cabañes merkatarien elkarteko presidenteak – hainbat emakume elkartegaz batera –, Sopelako alkate Guruzne Carrassonek eta Toki Garapeneko zinegotzi Eder Garciak egindako topaketa batean.

Elkartekide batzuen adierazpenen arabera, akordio horrek "ikusgarritasun handiagoa" emango dio Elkarteari Udala edo Eusko Jaurlaritza bezalako erakunde ofizialen aurrean. Era berean, "merkataritza dinamizatzeko jarduera gehiago" egiteko asmoa agertu dute eta saltoki gehiago atxikitzeak funtsezko lanak egiteko beharrezko laguntza indartuko duela azpimarratu dute, "hala nola Eusko Jaurlaritzaren Hirigune dirulaguntzarekin lotutako kudeaketak".

Gainera, pertsona gehiago daudenez, ideia berri gehiago sortzea eta haien beharrak hobeto defendatzea ahalbidetzen du. Elkartea 30 saltokik osatzen dute gaur egun, eta honela definitzen da: "Prestakuntza, zerbitzuak eta aholkularitza bezalako arloetan sektorea hobetzen duen kolektiboa". Helburua da Sopelako herritarrek "bertako saltokietan erosterakoan abantailez gozatzea". Ildo horretan, positibotzat jo dute Udalagaz hitzarmena sinatu izana, "batasuna sustatzeko eta guztiontzako herri bat sortzeko".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun