Sopelako Udalak TAOren tarifa 6 eurotik 10 eurotara igoko du

Nahia Martinez Gondra 2024ko eka. 14a, 09:21

Maiztasun handiko erabiltzaileek 60 euro urtean ordaindu beharko dute, lehen 40 euro ziren.
Sopelako Udalak ekainaren 1etik indarrean dagoen Trafiko eta Aparkaleku Ordenantzaren (TAO) tarifaren igoera ezarri du. Neurri horrek eguneko tarifa 6 eurotik 10 eurora doitzen du eta sasoiko TAO aplikatzen duten Uribe Kostako eskualdeko beste udalerri batzuetako tarifakaz lerrokatzen du. Horrela, 2016tik izoztuta zeuden tarifa batzuk eguneratu dira.

Sopelako alkate Guruzne Carrassonek tarifen eguneratzearen garrantzia azpimarratu du. "TAOren tarifa handitzea funtsezkoa da Sopela hurbileko beste udalerri batzuetako praktikakaz bat etor dadin eta eskualde-mailan koherentzia gorde dezan. Gure espazio publikoen erabiltzaile guztiek gure zerbitzuak mantentzen eta hobetzen ekitatez lagunduko dutela bermatu nahi dugu", azaldu du Carrassonek.
 
Alkateak azpimarratu duenez, oso garrantzitsua da garraio publikoa erabiltzea, bai Metro Bilbaon, bai Bizkaibusen, eta, bereziki, Larrabasterra eta Sopela artean hondartzetara joateko Sopelbus udal autobus zerbitzua. "Zentzu horretan, beharrezkoa da ibilgailu pribatuaren erabilera murriztea, are gehiago gure udalerriak dituen trafiko-arazo larriekin eta, batez ere, udan".
 
Tarifa eta baldintza berriak hurrengoak dira:
  • Eguneko tarifa: 6 eurotik 10 eurora igoko da.
  • Aparkatze-zatiak: Ordu erdiko lehenengo frakzioak 0,55 euroko kostua izango du, eta hurrengo ordu erdiko frakzioek 0,50 euroko igoera izango dute, egunean 10 euroko gehienekora iritsi arte. Aurreko tarifan, lehen frakzioa 0,35 eurokoa zen, eta hurrengoak 0,30 eurokoa, eguneko 6 eurora iritsi arte.
  • Maiztasun handiko erabiltzailea: 60 euro urtean (ekaina-iraila), lehen 40 euro ziren. Kasu hau surflari federatuei, parapente-pilotu federatuei eta Sopelan kokatutako eta OHZri lotutako etxebizitzen jabe diren eta erroldatuta ez dauden pertsonei aplika dakieke.
  • Egoiliar-txartela duen erabiltzailea: Salbuetsita, betiere zerbitzua arautzen duen Ordenantzaren 11. artikuluko baldintzak betetzen baditu.
Ordaintzeko arauak eta bideak:
  • Adeitasun-tartea: TAOren kontrolatzaileak 15 minutuko tartea utziko du salaketa jarri aurretik herritarrek aparkalekua ordain dezaten.
  • Saltzeko makinak:
    • 6 Arriaterako aparkalekuan.
    • 5 Solondotan.
    • 3 Atxabiribilko aparkalekuan.
    • 3 Kukullu kalean.
    • 5  Ingestabaso kalean.
Ordaintzeko moduak:
 
  • Parkimetro guztiek onartzen dute txanponakaz eta txartelakaz ordaintzea. App mugikorraren bidez ere egin daiteke ordainketa.
Salaketei buruzko informazioa:
  • Data eta ordua.
  • Salaketa zenbakia.
  • Ibilgailuaren datuak (matrikula, marka eta kolorea).
  • Arau-haustearen lekua.
  • Urratutako artikulua.
  • Salatutako egitatea.
  • Isunaren zenbatekoa:
    • TAO isunaren zenbatekoa hondartzetan = 90 euro
    • Bankuan edo online 48 ordu barru ordaintzea = 45 euro
    • Isuna 48 ordu baino lehen baliogabetzea = 15 euro (lehen 10 euro)
Txandakako aparkalekua Bidebieta kalean:
  • Aparkaleku-plaza.
  • Makina saltzailetik doako tiketa atera eta haizetakoan ikusteko moduan jarri behar da.
  • Arauak ez betetzeagatiko zehapenak: 30 eta 90 euro bitartean. Azkar ordainduz gero, 30 eurotik erdira murriztuko da zehapena.
Harremanetarako informazioa: TAO txartela ordaintzeko ordutegia,astelehenetik domekara, 10:00etatik 20:00etara; posta elektronikoa sopelatao@eysaservicios.com eta telefonoa 672 770 708.
 
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun