Obretako Udal Brigadak egungo hesia konponduko du, metalezko itxiturak nahita moztu baitituzte arrapalara sartzeko. Era berean, Udaltzaingoak hesitutako perimetro osoko seinaleak indartuko ditu, eta, gainera, arrapalatik hondartzara sartzea berariaz debekatzen duen kartel bat jarriko du. Udalak dei esplizitua egiten die hondartzaren erabiltzaile guztiei prebentzio-neurri horiek eta udaltzainek pertsonen segurtasuna bermatzeko egin ditzaketen argibide guztiak errespetatzera.
Joan den maiatzaren 22an, Sopelako Udalak bilera baterako deia egin zien Itsasertz Mugarteari, Eusko Jaurlaritzako Larrialdi Sailari, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Getxoko Udalari, Barinatxe hondartzako luiziaren arazoa elkarrekin aztertzeko. Sopelako Udalaren helburua inplikatutako administrazio guztien erantzunkidetasuna eta baterako finantzaketa lortzea bazen ere, bilera amaitu zen udalaz gaindiko erakunde batek ere Barinatxeko egoerari buruzko konpromisorik hartu gabe. Horregatik, Sopelako Udalak, subsidiarioki, behin-behineko jarduketa bat egitea erabaki zuen, larrialdietarako ibilgailu eta pertsonentzako bidea ahalbideratzeko.