Alde batetik, Boliviako Manuel Acosta ballet folkloriko nazionala egongo da, euren herrialdean berezigarri diren flauten eta danborren soinuen presentzia indartsuagaz. Hala, Boliviako herritarren indarra eta goxotasuna islatuko dute dantzariek. Bestalde, Tanzaniako Lumumba talde folkloriko nazionalak ere euren mugimendu bereziak erakutsiko dizkiete sopeloztarrei. Izan ere, Tanzanian, dantza emozioak adierazteko modu bat da, baita arbasoakaz komunikatzeko bide berezi bat ere.
Azkenik, Andra Mari Dantza Taldea dago. Euskal dantzak lantzen dituen Galdakaoko taldea da, 1955ean sortu zena. 1965etik hainbat jaialditan parte hartu du, eta urtero-urtero, euskal dantzen ordezkari da Folklore Bizian jaialdian.