Udal-iturriek azaldu dutenez, polizia-etxea Sopelako erdigunean egotea, gaur egun udaletxetik gertu dagoen tokian, oso baldintza garrantzitsua da udal-gobernuarentzat, kokaleku horrek herritarrekiko harreman zuzena errazten baitu, eta hori bat dator Udaltzaingoaren eredu hurbilago bategaz.
Zentzu horretan gobernu-taldeak egungo egoitza eraberritzea eta zentrotik urrun dagoen eraikin berri bat ez eraikitzearen alde egingo duela iragarri du uztaileko osoko bilkuran, egungo udal-lokalen erabilera optimizatzeko helburuagaz.
Gobernu-taldeak asmo handiko proiektu gisa definitu du erreforma-proiektu hori, eta hurbileko Udaltzaingoaren ereduari erantzuten diola azpimarratu du, baliabide publikoen erabileran eraginkorra eta etorkizunerako proiekzioa duena. Hala, polizia-etxea eredu berri bat planteatu dute, irekiagoa eta irisgarriagoa, kanpoko beirateak dituena lokalaren dimentsio osoan, eta horrek aukera emango du kanpoko argiztapena lokalera sartzea, ingurune atseginagoa eta erosoagoa sortuz, bai erabiltzaileentzat, bai udal-langileentzat ere.
Gaur egun, 24 agentek osatzen dute Sopelako Udaltzaingoa, 15.000 biztanle ingururentzat, hau da, agenteko 625 biztanleko ratioa du Sopelak. Aurreratu dutenez, komisaldegiaren proiektuak 35 edo 37 agente hartzeko gaitasuna izango du, hau da, beharrezkoa balitz, gutxienez 20.000 biztanleko biztanleriari erantzun ahal izango lioke. Halaber, nabarmendu dute Sopelak 28 delituko tasa duela 1.000 biztanleko, Uribe Kostako txikiena eta Bizkaiko laugarren txikiena, Ertzaintzak Euskal Autonomia Erkidegoko kriminalitate-datu orokorrei buruz egindako txosten baten arabera.
Doctor Landaren lokala eraberritzea
Proiektuaren 562.000 euroko zenbateko horren barruan sartzen da, gainera, Landa Doktorea kaleko udal-lokala egokitzea, Udaltzaingoari aldi baterako lagatzeko, obrak amaitu arte, 2025eko ekainean. Lokal hori Udaltzaingoaren jarduera aldi baterako hartzeko, ez ezik etorkizunean lokal horretan egingo diren jardueretarako ere egokituko dute. Horretarako inbertsioa 47.000 eurokoa izatea aurreikusi dute.