Surfak, musikak eta naturak bat egingo dute irailaren 20tik 22ra Sopela Kosta Fest jaialdian

Ander Zarraga 2024ko abu. 1a, 12:10

Uda behar bezala agurtzeko parada Sopelan izango da irailaren 20tik 22ra 11. Sopela Kosta Fest jaialdian. Aurten, puntako kirolari eta askotariko jarduerakaz batera, Maruja Limon, Arizona Baby, Bele eta Janus Lester izango dira oholtza gainera igoko diren musikarietako batzuk.

Sopela Kosta Fest adin eta publiko guztiei zuzendutako jaialdia da, naturan, musikan eta surfean oinarrituta, Sopelako inguruneaz eta ondasun naturalez gozatzeko aukera paregabera eskaintzen duena.

Beste behin, EHSF Surf Txapelketa, kayak surfa, surf egokitua… Surfaz eta surfaren bitartez gozatzeko aukera bikaina egongo da aste-akabu horretan egingo dituzten jarduerakaz. Baina ez da kirol bakarra izango: Kalistenia, parkourra, slackline-a, taitxia edo skateboarda bezalako modalitateak ere praktikatzeko beta egongo da aurte ere. 

Kirola ez ezik, bestelako ikastaro eta tailerrak eta argazki-lehiaketa eta -erakusketa ere egongo dira. Hala, puntako musika taldeak borobilduko dituzte egun zoragarri horiek: Maruja Limon, Arizona Baby, Bele, Janus Lester, Acid Tongue, Cherry Boppers Patricia Meet Reckless, Txopet, Vulcanizadas eta Ginger.

Izen-emateak datozen asteetan jarriko dituzte martxan, eta informazio guztia sopelakostafest.eus atarian eta jaialdiaren sare sozialetan egongo da eskuragarri.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun