Sopelako Udalak fidantzaren dirua itzuli ez diela salatu du Txosna Batzordeak

Nahia Martinez Gondra 2024ko ira. 11a, 13:49

Bihar, irailak 12, Sopelako Udalak eta Txosna Batzordeak bilera egingo dute.

Sopelako Txosna Batzordeak deitoratu du alkatetza-dekretu baten bidez txosnei 900 euroko fidantza ez itzultzea erabaki duela Sopelako Udalak, Udaltzaingoak abuztuan egindako txosten baten ebazpenean oinarrituta. Udalaren komunikazio falta salatu dute, "gertatutakoa haiekaz argitu gabe" fidantzaren dirua ez itzultzea erabakitzeagatik. Udalak, bere aldetik, aitortu du komunikazioa ez dela "nahi bezain egokia" izan, eta iragarri du bihar, eguenean, Batzordeagaz batuko dela egoera argitzeko.

Sopelako Txosna Batzordeak eta Udalak bilera bat egingo dute bihar, eguenean, 900 euroko findantzaren inguruko nondik norakoak argitzeko. Bien bitartean, batzorde horretako kideek elkarretaratzea deitu dute egun horretarako, udaletxearen aurrean, 18:00etatik aurrera.

Azaldu dutenez, 900 euroko fidantza jarri behar dute urtero txosnak jarri ahal izateko, eta urtero bueltatu zaie diru hori. Alabaina, abuztuan, Txosna Batzordeko asko oporretan zeudela, deitoratu dute alkatetza-dekretu baten bidez fidantza ez bueltatzea erabaki zuela Sopelako Udalak. Informazio hori irailaren 3an komunikatu zitzaien, txosnetako kide bat Udalagaz harremanetan jarri zenean.

Ebazpena Udaltzaingoaren txosten batean oinarrituta dago, batzordeko lagunen esanetan, "akatsez beteta dagoena eta ez duenak gertatutakoaren errealitatea modu egokian jasotzen". Horregatik, saminduta adierazi dute Alkatetzak Udaltzaingoaren bertsioari "erabateko sinesgarritasuna" eman diola haiekaz aldez aurretik harremanetan jarri barik.

Udalaren erantzuna

Sopelako Udalak jakinarazi du, "antzeko kasuetan gertatu ohi bezala, administrazioak behartzen duen prozesu bat jarraitzen ari dela eta azken emaitza prozesuaren amaieran jakingo dela". Gainera, onartu du Txosna Batzordeagaz izan beharreko komunikazioa "ez dela nahi bezain egokia izan". Horregatik, bihar, eguena, hitzordua zehaztu dute jazotakoari buruzko azalpenak "zuzenean" emateko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun