Lorezaintza zerbitzuaren aurrekontua "nabarmen" handitu du Sopelako Udalak

Nahia Martinez Gondra 2024ko ira. 12a, 10:56

Jarraipen berezia egingo da, eta dagozkion zigorrak ezarriko dira baldintzak ez betetzeagatik. © SOPELAKO UDALA

Sopelako Udalaren lorategien eta bide publikoen mantentze iraunkorreko zerbitzu berria irailaren 2an hasi zen lanean, bederatzi hilabeteko iraupenagaz. Udalak kanpoko aholkulariak izan ditu lizitazio horretarako, modu horretan, lanaren antolaketa onena, beharrezko baliabide materialak, kalitate eta kontrol neurriak eta gehiago aztertzeko. Halaber, beharginen ordezkariakaz harreman zuzena izan dute, haien lan-aldarrikapenak kontratu berrian sartzeko. Gainera, aurrekontu-igoera nabarmena jazo da aurreko kontratuagaz alderatuta; 457.000 eurotik 711.000 eurora igaro dira.

Egikaritzeko baldintza bereziak

Zerbitzu berri horrek, gainera, betebehar bereziak ditu enpresa esleipendunentzat, hala nola ingurumen-plan bat egitea eta behin-behineko kontratuak gutxienez % 40an emakumeek betetzea. Horrez gain, jarraipen berezia egingo da, eta dagozkion zigorrak ezarriko dira ordutegiak ez betetzeagatik, eskatutako makinak ez erabiltzeagatik, makineria horren egoera txarragatik, zerbitzua emateko orduan izandako akatsengatik eta bestelakoengatik.

Horren harira, Mikel Tapia Obra eta Zerbitzuen arloko zinegotziak adierazi duenez, “konpromiso politiko argia dago kontratu horren jarraipen zorrotza egiteko, zerbitzuaren kalitatean eragin positiboak Sopelako bizilagunek ikus ditzaten”.

Aurreko kontratuaren kontrola

Samyl enpresagaz egindako aurreko kontratuari dagokionez, Obra eta Zerbitzuen Sailak hainbat bilera eta komunikazio egin ditu legealdi honetan, zerbitzua behar bezala ematen dela kontrolatzeko. Azken hilabeteotan eskakizun desberdinak egin dira (ordutegien kontrola, makinen erabilera…) eta horiek ebaluatzen ari dira kontratua ez betetzeagatik zigorrak ezartzeari begira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun