Abuztuan Sopelan izandako sexu-erasoa gaitzetsi du Udalak

Nahia Martinez Gondra 2024ko ira. 19a, 10:23

Sopelan abuztuan izandako sexu-eraso baten egilea espetxeratu egin dute. © SOPELAKO UDALA

35 urteko gizon bat espetxeratu dute Sopelan abuztuaren 28an izandako sexu-eraso baten erantzule izateagatik. "Emakumeen aurkako indarkeria matxistak agerian uzten du erakundeek eta Euskadiko gizarte osoak gure udalerrietan berdintasuna gauzatzeko dugun erantzukizuna", adierazi du Sopelako Udalak. Hala, baieztatu du sentsibilizaziorako eta prebentziorako ekintzak indartzen jarraitu behar dituztela herritarrik gazteenak ere inplikatuz.

"Gizarteak harriduraz hartzen ditu indarkeria sexistaren kasuak, batez ere biktimak neska gazteak badira, eta ezin da azaldu zer ari garen gaizki egiten gazteen arteko harremanetan oraindik ere menderakuntza matxistaren patroiak izateko", deitoratu du Udalak.

Halaber, nabarmendu du ezinbestekoa dela emakumeen aurkako indarkeria tratu txar fisikotik eta erailketa matxistatik harago doazen ekintza gisa identifikatzea eta "eraso matxistak gizarteko alor guztietan dauden desberdintasunen adierazpen basatiak direla ulertzea". Horretarako, maskulinitatearen eta feminitatearen ereduak sakon eraldatu behar direla azpimarratu du, baita emakumeen eta gizonen artean harreman afektiboak eta sexualak eraikitzen diren modua ere.

"Indarkeria matxistaren aurrean bi jarrera bakarrik daude: konplize izatea edo erabat arbuiatzea. Hala, Sopelako Udalak erabateko arbuioa adierazten du gure udalerrian izandako indarkeria matxistaren aurrean".

Sexu-erasoa

Irailaren 12an, Ertzaintzak jakin zuen 35 urteko gizon batek sexu-erasoa egin ziola Sopelako emakume gazte bati abuztuan. Ikerketa abiarazi ondoren, agenteek ustezko egilea atxilotu zuten Getxoko ertzain-etxean. Polizia-eginbideak amaituta, atxilotua epailearen esku utzi zuten irailaren 17an, eta epaileak Basauriko espetxean sartzeko agindua eman du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun