Gazteentzako kalitatezko enplegua sustatuko du Sopelako Udalak Toki Administrazioa hobetzeko

Nahia Martinez Gondra 2024ko urr. 7a, 12:22

8 eta 12 hilabete bitarteko 30 urtetik beherako gazteei zuzendutako laguntza da. © FREEPIK

Sopelako Udalak duela aste batzuk, Uribe Kostako Behargintzaren bitartez, diru-laguntza eskaera handi bat bidali zion Lanbideri, administrazioan lanpostuak finantzatzeko. Diru-laguntza hori Europar Batasunak emandako Next Generation funtsakaz finantzatzen da, eta Espainiako Gobernuaren Eraldaketa eta Erresilientzia Berreskuratze Planaren bidez gorpuzten dira. Sopelak 10 profil eskatu zituen Udalean 12 hilabetez lan egiteko, azkenean bederatzi izango ditu. Horrez gain, beste 12 lanpostu sortu dira Uribe Kostako udalerrien artean banatzeko.

Diru-laguntza horrek FSE Plus du izena, eta Administrazioko lanpostuen soldata-kostuak finantzatzera bideratuta dago, 8 eta 12 hilabete bitarteko aldietan 30 urtetik beherakoentzat. Hileko soldata gordinak, 12 ordainsaritan banatuta, 2.390,46 eurokoak izango dira teknikarientzat, 1.778,53 eurokoak administrarientzat eta 1.612,77 eurokoak langileentzat.

Sopelak eskatutako profilek Udala modernizatzeko eta garai berrietara egokitzeko balioko dute, dokumentazioa digitalizatzearen eta prozesuak hobetzearen aldeko apustua eginez. Garrantzitsua da azpimarratzea, gainera, diru-laguntza hori eskatzen den lehen aldia dela, eta profilak Udaleko zerbitzu teknikoakaz kontsultatu ondoren egin direla. Gainera, Gobernu Taldearen apustu irmoa da gazteen eta kalitatezko enpleguaren alde, eta Udalaren funtzionamendua hobetzea ahalbidetuko du.

Toki Garapeneko zinegotzia den Eder Garciaren hitzetan, gazteria da Sopelaren funtsezko zutabea, eta kalitatezko enpleguak bultzatu behar dira emantzipatzeko eta beren bizi-proiektuak garatzeko. "Horregatik, diru-laguntza horren berri izan genuenean, proposamen ahalik eta osatuena eta teknikoki egiaztatuena prestatzeari ekin genion. Kalitatezko lanpostuak sortu genituen eta, aldi berean, herriaren funtzionamendua hobetu genuen, ezin genion ihes egiten utzi”.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun