Proiektuak 33 etxebizitza ditu, eta horietatik bi mugikortasun urriko pertsonentzat dira. Bi etxebizitza horiek logela bina izango dute. Gainerako 31etatik 6k logela bana izango dute, 21ek bina eta 4k hiruna. Proiektua Bieme-Xlark-ek idatzi du eta Viuda de Sanz SL-k eraiki. Obraren aurreikusitako aurrekontua 6,6 milioi eurokoa da.
Etxebizitzak bloke linealekoak dira eta lau solairutan banatzen dira; beheko solairuan daude sartzeko erdisotoa, aparkalekua eta espazio teknikoak, eta gainerako hiruretan etxebizitzak eta komunikazioak. "Hiri Agendan ezarri bezala, ingurunean ezin hobeto integratzen da, metro koadroen parametroetara eta hirigintzako arau eta eskakizunetara egokituta", zehaztu du sailburuak. Eraikin erdi lurperatua izatea proposatu da, aparkalekua eta etxebizitzetara sartzeko solairua hondoan duela.
Sopelako alkate Guruzne Carrassonek aitortu du udalerriko etxebizitza-arazoei "erantzun zehatzak" emateko urrats bat gehiago dela:"Duela urtebete alokairuko babes ofizialeko 24 etxebizitza eraiki ziren Loiolan eta, orain, Asuko sustapen berri hori gehituta, 33 etxebizitza gehiago izango dira". Ildo horretatik, azpimarratu du, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailarekin lankidetza indartzen jarraitu gura dutela, eta harekin batera, Abaro eta Ripako etorkizuneko sustapen publikoetan lan egin. "Etxebizitza publikoaren defizitari aurre egiten jarraitzea beharrezkoa da, gazteei eta etxebizitza duina behar duten gainerako pertsonei bizitza-proiektu bat bermatzeko".