Larrabasterrako auzokideen iritziak jasoko ditu Udalak, Urgitxietako eta inguruko hobekuntza integralean aurrera egiteko

Nahia Martinez Gondra 2024ko aza. 11a, 12:19

Urgitxietako bidegurutzea.

Azaroaren 14an, eguenean, arrastiko 18:00etan, “Urgitxieta plazaren eta bere ingurunearen hobekuntza integrala (Urgitxieta eta Gatzarriñe kaleak)” izeneko proiektuaren aurkezpena egingo du Sopelako Udalak, Larrabasterrako Urgitxieta plazako Mankomunitateko lokaletan. Hala, auzokideen ideiak eta ekarpenak jasotzeko asmoagaz, Urgitxieta plazaren eta bere ingurunearen hobekuntza integrala gauzatzeko proiektua Larrabasterragaz partekatu gura du.

Hurrengo metodologia proposatu dute:

  1. Aurkezpena egin: Lehen saioan, azaroaren 14an Urgitxieta plazako Mankomunitateko lokaletan ordu beteko saioa antolatu du Udalak. Bertan proiektuaren nondik norakoak azalduko ditu aurre-proiektua bera diseinatu duen MG arkitekto taldeak.
  2. Ekarpenak: Bigarren saioa, azaroaren 27an egingo da, eguaztenean, Mankomunitatean 18:00etan eta bertan auzokideek beraien iritzi eta ekarpenak aurkezteko aukera izango dute.
  3. Bidali zure iritzia: Edonola ere, auzokideek alkatea@sopela.eus helbidera mezua bidaliz ere egin ditzakete ekarpenak, azaroaren 14tik abenduaren 15era bitartean (biak barne). Mezuaren izenburu bezala jarri “LARRABASTERRA”.
  4. Proiektua biribildu: Herri bilera hauek egin ostean ekarpenakaz txosten bat burutuko du Sopelako Udalaren bulego teknikoak, aurreproiektuari eransteko.

Prozesu honetan, FSE PLUS Gazte Enplegu Planaren bidez Uribe Kosta eskualderako kontratatu den parte-hartze teknikariak eta UPV/EHUko PARTE HARTUZ ikerketa taldeak lagundu diote Sopelako Udalari.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun