Urko ibarreko ingurumena lehengoratuko du Sopelako Udalak

Nahia Martinez Gondra 2024ko aza. 13a, 10:11

Proiektuaren helburua da Gobela eta Lemotza ibaien artean dauden eta Urgitxieta eta Gatzarriñe kaleen arteko elkargunearen mugakide diren Urkoko ibarreko lurrak ingurumenaren aldetik lehengoratzea. © SOPELAKO UDALA

Udalak, urriaren 31n egindako osoko bilkuran, Abaroko Plan Partzialeko eremu libreen eta bide-sistema orokorraren zuzeneko okupazioa onetsi zuen, Urko ibarraren ingurumena lehengoratzeko eta hezegunearen paisaia- egokitzapena handitzeko. Hala, Uraren Euskal Agentziak (URA) eta Sopelako Udalak, udalerriko ibai-ibilguak kontserbatzeko eta leheneratzeko lankidetza-hitzarmenaren bidez, Urko ibarreko ingurumena leheneratzeko proiektua garatuko dute. Bere jardun-eremuak, alde batetik, “ABARO” Plan Partzialaren Sistema Orokorrak hartzen ditu eta, mugakidetasunean, Arau Subsidiarioetan definitzen den bideen Sistema Orokorraren zati bat.

Proiektuaren helburua da Gobela eta Lemotza ibaien artean dauden eta Urgitxieta eta Gatzarriñe kaleen arteko elkargunearen mugakide diren Urkoko ibarreko lurrak ingurumenaren aldetik lehengoratzea. Jarduketaren barruan, dimentsio handiko putzu bat sortzea sartzen da, ur-lamina iraunkor bategaz eta sakonera desberdinakaz.

URAk osorik lagunduko ditu diruz proiektuaren gastuak eta jarduera honen gauzatze materialarenak, zeinak 86.789,39 euroko aurrekontu zenbatetsia baitu. Larrabasterrako enklabe horren ingurumen-kalitatea hobetuko da, tokian animalia- espezie eta landare gehiago egotea bultzatuko da, eta balizko uholdeei puntu horrek ematen dien erantzuna ere hobetuko da. Azken finean, adin guztietako pertsonentzako aisialdi eta gozamenerako gune bat sortuko da.

Ukitutako lurzatiak, kasu honetan erabilera publikoko zuzkidurak izango direnak, aldez aurretik eskuratu ahal izango dira udalak zuzenean okupatuta. Lan horrek, lurzati hauetako titular bakoitzari Abaroko Plan Partzialaren etorkizuneko garapenean dagozkion hirigintzako eskubideak aitortzen dizkio.

Udalbatzak okupazioari buruzko erabakia onartu ondoren, datozen egunetan Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da ukitutako lursailen eta jabeen zerrenda, eta banan-banan jakinaraziko zaie aurreikusitako okupazioa eta lursailei esleitutako
hirigintza-eraikigarritasuna. BAOn argitaratzen denetik hilabeteko epea igaro ondoren, okupazio-akta sinatuko da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun