IAT zerbitzugunea irekitzeko prozesua bideratu du Sopelako Udalak

Nahia Martinez Gondra 2024ko abe. 13a, 10:14

© SOPELAKO UDALA

Gaur, abenduak 13, Tokiko Gobernu Batzarrean, Sopelako Udalak Sopelako IAT zerbitzugunearen okupazioaren eta jardueraren lizentzia onartzea erabakiko du. 2024ko urtarriletik IATren irekiera etenda egon da; izan ere, Eusko Jaurlaritzak, partzelen jabeak, ez zuen bermatzen partzela horiek dauden sektorea urbanizatzeaz arduratzea, eta horretara behartuta dago, jabe nagusia baita.

2024ko urtarrilean bilera bat egin zuten Sopelako Udalak, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak eta Applusiteuve Euskadi enpresa emakidadunak. Bilera horretan erabaki zen IAT zerbitzugunea inauguratu eta martxan jarri aurretik, Udalak ziur egon behar zuela Eusko Jaurlaritzak bete egingo zituela IATren eraikin berria kokatuta dagoen Exekuzio Unitatearen (12.1 EU) eremuaren garapenetik eratorritako hirigintza-betebeharrak. Izan ere, edozein sektoretan eraikuntza bat eraiki aurretik, jabeek eraikina urbanizatzeko betebeharra dute.

Zehazki, sektore hori Olabide kalean dago, Osteikoko errepidearen ondoan, Urdulizko ospitalerako bidean. Eremu hori urbanizatuz gero, oinezkoak, espaloien bitartez, seguru ibiltzea ziurtatuko litzateke. Gaur egun, ordea, ez dago horrelakorik, eta behar-beharrezkoa da, inguruko bizilagunek hala aldarrikatuta.Bilera horren ondoren, Udalak, Eusko Jaurlaritzak berak eskatuta, hirigintza-izapideak egiteko behar ziren dokumentuak bidali zituen, eta beste hartu-eman bat eskatu zion Eusko Jaurlaritzari, IATren irekiera desblokeatzeko, baina Udalak ez zuen erantzunik jaso.

Kontaktu berriak azaroan hauteskunde autonomikoen eta Eusko Jaurlaritzan izandako aldaketen ondoren, azkenean, azaroan jarri zen harremanetan Eusko Jaurlaritza Udalagaz, IAT zerbitzugunea irekitzeari ekiteko. Orduan, Udalak, enpresa emakidadunak eta Industria eta Ogasun Sailetako ordezkariek bilera bat egin zuten, eta Udalak berak konpromisoa hartu zuen zerbitzugunea atzerapenik gabe ireki ahal izateko beharrezko kudeaketak egiteko.

Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu du Ondare Zuzendaritzaren eta Sopelako Udalaren artean zuzeneko komunikazio-bide bat irekitzeko, Jaurlaritzak sektorean dituen hirigintza-konpromisoen gaiari heltzeko. Horrela, gaur, abenduaren 13ko Tokiko Gobernu Batzarrean, Sopelako Udalak Sopelako IAT zerbitzugune berria irekitzea erabakiko du, zehazki, instalazioak lehenengoz okupatzeko eta erabiltzeko lizentzia onartzea. Era berean, abenduaren 17an Lakuan Eusko Jaurlaritzako Ondare Zuzendaritzagaz bilera egiteko deia egin da.

Sopelako Udalak "oso positibotzat” jo du Eusko Jaurlaritzak joan den azaroan sektorearen urbanizazioa bermatzeko erakutsi zuen lankidetza-jarrera. "Hori guztiz beharrezkoa da Sopelatik Urdulizko ospitalerako oinezkoen pasabidea errazteko. Inguruko herritarren aldarrikapena garrantzitsua da. Horrela, egia bihurtuko litzateke Sopelan IAT zerbitzua irekitzea, eta hori eskualde-mailan ere aldarrikatu den lorpen bat da".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun