Urtarrilean hasiko dira egiten Sopelako Zipiriñera joango den bidegorria

Nahia Martinez Gondra 2024ko abe. 18a, 09:41

Edukiontziak Sipiri kalerantz eramaten hasi dira daborduko. © SOPELAKO UDALA

2024-2025 Sopelako aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan boto gehien jaso zituen proiektuetako bat, zalantzarik gabe, Akilino Arriolatik Zipiriñerako bidegorria gaitzea izan zen. Bidegorri zati horretako lanak Sopelako Udalak kontratatu ditu daborduko, eta lanak urtarrilaren hasieran egingo dira, eraikuntza sektorea abenduaren amaieran gelditu zelako.

Bidegorri hori egiteko oztoporik handiena espaloia inbaditzen duten zabor, kartoi eta beira edukiontziak dira, zati horretan irisgarritasuna mugatzen duena, alegia. Hori dela-eta, Zipiriñeko haurrek eta familiek bozkatutako proiektu hau egiteko
lehenengo ekintza edukiontzi horiek tokiz mugitzea eta hurbilen dauden edukiontzien tokira eramatea da.

Edukiontziak Sipiri kalerantz eramaten hasi dira daborduko, eta, horregatik, Udalak pazientzia eta ulermena eskatu du, eta, batez ere, balioan jarri du Zipiriñeko hezkuntza komunitateak hainbeste aldarrikatzen duen bidegorri proiektua.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun