Guruzne Carrasson alkatearen ustez Sopela biziagoa, anitza, parekidea, eskuzabalagoa, parte-hartzaileagoa, jasangarriagoa eta bizi kalitate handiagokoa gura dute: "Bide horretan kokatzen genuen gure legealdi plana eta bide horretik doaz ere 2025eko aurrekontu hauek”. Horrela, bost lan ildo nagusi nabarmendu ditu Gobernu Taldeak 2025erako:
1. ETXEBIZITZA ETA HIRIGINTZA: HAPO prozesuari bultzada, Loiola eta Asuko babes publikoko etxebizitzen sustapenei jarraipena, Abaroko sektorearen garapena babestu, etxebizitza hutsak mobilizatzeko neurri berriak martxan jarri eta Sopelako zenbait sektore gune tentsionatu izendatzeko tramiteak egin.
2. BIZI KALITATEA ETA INGURUMENA: Lorezaintzako eta kale-garbiketako kontratuen kontrol zorrotza egin, herritarren bizi kalitatea bermatzeko ezinbestekoak diren bi zerbitzuen eraginkortasuna ziurtatuz. Mugikortasunaren alorrean, Sopelbusaren kontratu berria abian jarri, auzotaxi zerbitzua sortu eta Sopelako Mugikortasun Plan eguneratuak zehazten dituen neurriak martxan jartzen hasi. Horrez gain, Eraztun Berdeagaz lotutako proiektuei heldu: herri bideak, zuhaitzen plana, Urko hezegunea, Munarrikolandako Burdin Hesia eta udalerriko arkeologi mapa. Horrez gain, estrategia berriak ezarriko dira hondakinen kudeaketan, kontzientziazio kanpaina komunikatiboekin batera.
3. HEZKUNTZA: Sopela herri hezitzaile bihurtzeko urratsak eman, Oinherri eta HaurEkin sareakaz elkarlanean arituz zein EHUko Hezkuntza Fakultateak Udal Hezkuntza Kontseiluaren inguruan bultzatutako ikerketa proiektuan parte hartuz. “Sopela bideak” proiektuari jarraipena eman. Helburua, Udala eta Sopelako eragile sozialak hezkuntzan zuzenean parte hartzea, herriko hezkuntza komunitatearekin elkarlanean.
4. GIZARTE ALORRA ETA ANIZTASUNA: “Sopela lagunkoia” egitasmoa abian jarri, adineko herritarren ikuspegia politika publikoetan txertatuz eta udalerria adin guztietarako pentsatuta egotea bermatuz. Horrez gain, Sopelako Udalerriko Irisgarritasun Unibertsaleko Planagaz jarraituz, seinaleak eta komunikazio-tresnak egokitu gura dira udaletxean
eta Kurtzion kultur-etxean. Horrez gain, irisgarritasun fisiko zein kognitiboari buruzko jardunaldiak ere aurreikusten dira. Bestetik, Hirigintza alorragaz lotutako irisgarritasuna bermatu beharra azpimarratzen da, Udaletxetik Kurtziora eta Lizarreraino. Azkenik, zaurgarritasun egoeran egon daitezkeen herritarrak laguntze aldera, diru-laguntza sozialen kopurua mantentzea erabaki da.
5. TOKI GARAPENA ETA MERKATARITZARI ZEIN OSTALARITZARI BULTZADA: Hainbat ekimen aurreikusten dira herri biziago eta dinamikoago bat sustatze aldera. Turismo Plan estrategikoa eta Komertzioa Biziberritzeko Plan Berezia martxan jarri, Bendeja Larrabasterran, tokiko merkataritzaren sustapena eta kontsumo ohituren aldaketa bultzatu Sopelako Merkataritza Pasaportea hobetuz, autokarabana aparkalekua berriztu, Sopelako enpresen ehunaren eta ostalaritza sektorearen diagnostikoa egin eta sektore horientzat diru-laguntzak handituz, besteak beste. Lan ildo horiez gain, Sopelaren etorkizuna irudikatzeko proiektu estrategikoak bultzatzen jarraituko du Udalak, hala nola, liburutegi berriaren proiektua, Larrabasterrako Urgitxieta plazaren eraberritzea, Gobernantza Parte-hartzailearen Plana eta Kirol Plan Estrategikoa, adibidez.
Aipamen berezia egin behar zaio ere 2024-2025 aurrekontu parte-hartzailearen prozesuari. Izan ere, prozesuan zehaztutako proiektuak 2025ean garatu behar ditu Udalak: Zipiriñeko eskolan iturri bat jartzea, Iturrieta parkean hobekuntzak egin, argiteria publikoa berritzeko intentsitate txikiko LEDak jarri, Kurtzioko gaztelekua handitu, Bidegorria luzatu Akilino Arriolatik Zipiriñe eskolaraino eta Sopelako Udalaren Zuhaitz Plana gauzatzea.
Bukatzeko, EH Bilduk eta Elkarrekin Sopelak osatutako Udal Gobernuak gainontzeko udal taldeen ekarpenak ere kontutan izan ditu 2025eko lan ildoak finkatzeko, eta horrela agertzen da gastuen aurrekontuen zein memoriaren atal desberdinetan.