2025ean Sopela Herri Hezitzaile bihurtzeko urratsak eman gura ditu udal gobernuak, Oinherri sarearegaz elkarlanean arituz zein EHUko Hezkuntza Fakultateak Udal Hezkuntza Kontseiluaren inguruan bultzatutako ikerketa proiektuan parte hartuz. Era berean, 2024an hasitako “Sopela bideak” proiektuari jarraipena eman gura zaio, hezkuntza zentroetako ikasleei beraien ikastetxeetara joateko bide seguruak eskainiz. Azkenik, Altxa Burua izeneko ekimenean ere parte hartu gura du Udalak, teknologia berriek eta hauen eraginek herriko haurrengan izan ditzaketen ondorioak kezkatuta. Azken finean, Herri Hezitzailearen filosofiaren arabera, Udala eta herriko eragile sozialak hezkuntzan zuzenean parte hartzea bilatzen da, betiere herriko hezkuntza komunitateagaz elkarlan estuan. Bestetik, “Sopela lagunkoia” egitasmoa abian jarri gura du Udalak, adineko herritarren ikuspegia politika publikoetan txertatzeko eta udalerria adin guztietarako pentsatuta egotea bermatuz (irisgarritasuna, garraioa, kultura…).
Toki garapenaren alorrean hainbat ekimen aurreikusten dira herri biziago eta dinamikoago bat sustatze aldera. Besteak beste:Turismo Plan estrategikoa eta Komertzioa Biziberritzeko Plan Berezia martxan jarri, Bendeja antolatu Larrabasterran, tokiko merkataritzaren sustapena eta kontsumo ohituren aldaketa bultzatu Sopelako Merkataritza Pasaportea hobetuz, autokarabana aparkalekua berriztu, Sopelako enpresen ehunaren eta ostalaritza sektorearen diagnostikoa egin eta sektore horientzat diru-laguntzak handituz.
2024an hasitako hirigintza proiektuei jarraipena eman gura die Udalak. Aitortu duenez, kontratazio prozesuan atzerapenak gertatzen ari dira, nahiz eta proposamen teknikoa eta aurrekontu partida daborduko prest egon: herriko erdiguneko oinezkoentzako gunean hobekuntza paisajistikoak, Arriatera, Bidebieta zein Plazarte kaleak hobetzea, Iturrieta parkean komun publiko bat egitea, bideen mantenua eta asfaltatze lanak, Zipiriñeko eguzki plaken proiektua egitea, egurrezko pasabidea (Bultzibide / Lizarre) ordeztea, abiadura kontrolatzeko radarrak Gatzarriñen eta Iberren jartzea eta Urgitxieta kaleko errotondaren handitzea, adibidez.
Atzerapen hauek ekidin nahian, udal funtzionamenduaren hobekuntzan arreta berezia jarriko du Udal Gobernuak 2025ean: herritarren parte-hartzea sustatu udal politiketan; zeharkakotasuna, koordinazioa eta komunikazioa indartu udaleko departamendu desberdinen artean; proiektuen plangintza eta kontrolean neurri zorrotzagoak, batez ere, kontratazioan.
Udal Erregelamendu Organikoa berriztu da legealdi honetan eta, horren arabera, udal taldeen arteko eztabaida bermatu eta gardentasuna bultzatzeko arautegia ezarri da aurrekontu-prozesuan. Horrela, Udal Gobernuak oposizioko taldeen ekarpenak kontutan hartu ditu 2025eko aurrekontuetan, hala nola, herriko horma eta fatxadak txukuntzeko mural lehiaketa eta diru-laguntza lerro berria, udal panel informatiboak berriztu, kirol inklusiboaren sustapena eta kirol instalazioen hobekuntza, besteak beste.
2024an, EH Bildu, Elkarrekin Sopela, EAJ eta PSE-EE alderdien artean sinatutako aurrekontu akordioa ez da berrituko 2025ean. Udal gobernuak, bere aldetik, aitortu du zenbait proiektuen garapenean atzerapenak egon direla. Bereziki, liburutegi berriaren proiektuan. Beste proiektu batzuetan, ordea, exekuzioa modu egokian gauzatu da: Urgitxietako plaza, gobernantza parte-hartzailea, kirol plan estrategikoa, babes ofizialeko etxebizitzen sustapenak. “Aurrekontu akordioan agertzen diren proiektu guztiak agertzen dira gure legealdi planean, guztiak dira estrategikoak guretzat eta beraz, gu gara lehen interesatuak proiektu horiek gauza daitezen”, adierazi du Guruzne Carrasson alkateak.
Nahiz eta taldeen artean akordiorik ez egon, “Gobernantza parte-hartzailearen ereduan sakontzen jarraituko dugu, gardentasunean, komunikazioan eta udal taldeen arteko lankidetzan eraginez. Udal talde bakoitzak ikuspegi desberdinak izango ditugu, bakoitzak bere berezitasunekin, baina denok daukagu Sopela hobetzeko borondatea”, esan du Carrassonek.