Sopelako Udalak herri bideen inbentarioa behin betiko onarpena egin du

Nahia Martinez Gondra 2025ko urt. 13a, 14:00

Kiribile elkartearen bi alegazio onartu dira.

2024ko abenduaren 26ko osoko bilkuran Sopelako Udalak behin betiko onarpena eman zion Sopelako herri bideen inbentarioari. Hemendik aurrera, inbentario horretan bertan agertzen diren bideak Udalaren jabetzapekoak izango dira eta beraz, Sopelako ondare publikoaren parte izango dira. Inbentarioa Udalaren Gardentasun Atarian dago eskuragarri.

Otsailean proiektua publikoki aurkeztu ondoren, uztaileko osoko bilkuran Sopelako Udalak behin behineko onarpena eman zion herri bideen inbentarioari eta irailaren 30era arteko epea utzi zuen interesdunek alegazioak egiteko. Tartean bideen inbentarioa egin duen Sendo ingeniaritza taldeak aurrez aurreko hitzorduak eskaini zituen irailean.

Hainbat alegazio jaso dira. Horietatik, Kiribile elkartearen bi alegazio onartu dira: Urkogana aldeko bideen luzapena eta Ingestabasotik Atxabiribil hondartza aldera doan beste bide bat, Uribebazterra kalearen aurrean. Eztabaida egon da Itsasgane kaleari zelako tratamendua eman behar zaion: azkenean, herri bide bezala proposatu da, baina oinezkoentzako bakarrik. Kotxez auzokideek bakarrik eta emergentziazko ibilgailuek ibili ahal izango dira. Alegazioak interesdunei jakinaraziko zaie. Ondoren, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean eta Sopelako Udalaren gardentasun atarian argitaratuko da. Orduan irekiko da epea berraztertzeko errekurtsoak Udalean jartzeko edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa.

Josu Barbarias, hirigintza alorreko zinegotziaren ustez, “abenduko osoko bilkuran hartutako erabaki honen bitartez, Sopelarentzat balio historiko eta natural handiko bideak berreskuratu dira”. Herri bideak ondare natural garrantzitsuak dira Eraztun Berdearentzat. Horrez gain, herritarren artean ohitura osasungarriak sustatzeko oinezkoentzako gune berriak irekitzen dira. Etorkizunerako ere turismo jasangarria sustatzeko baliabide interesgarri bat eskuratzen du Sopelak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun