Zein da Altxa Burua ekimenaren jatorria?
Mugimendua familien kezka batetik abiatu zen: umeek mugikorrak modu goiztiarrean eskuratzen zituztenean sortzen ziren arazoak. Ideia horren inguruan, familiak elkartu eta erabaki zuten ez zietela beraien umeei mugikorrik emango; ikusi zuten mugikorra oso goiz ematen zitzaienean horrek arazo asko sortzen zituela. Beraz, hori atzeratzeko, familien arteko adostasun batera iristeko beharretik sortu zen ekimena.
Zeintzuk dira bultzatzen dituzuen dinamikak?
Gurea inurri-lana da. Beste kide batek eta nik Bizkaiko e-maila daramagu eta, orain, kezka gehiago dagoela, eskola bateko guraso talde batetik edo udal batetik idazten digutenean, guk denbora gehiago daramaten taldeek egindako urratsetara bideratzen ditugu: kontzientziatzeko formakuntzak eskaintzen, lanerako taldeak sortzen… Hala ere, bakoitzak bere inguruan funtzionatzen duena bilatu behar du, zentro bakoitza desberdina delako. Ni Ander Deuna Ikastolako ama naiz, eta hainbat formatutako prestakuntzak, informazio-kanpainak eta horrelakoak egin ditugu, baina jendeak ez du beti nahiko genukeen mailan erantzuten.
Momentuz, mugimendua Gipuzkoan egituratu da batez ere; hemen ere ari da gauzatzen?
Bai, hori da. Gipuzkoako familiak izan ziren talde bezala antolatzen lehenak. Tolosako Laskorain Ikastolako gurasoek beraien burua Altxa Burua bezala izendatu zuten, eta modu naturalean sortzen joan diren beste taldeek ere izen hori hartu dute. Bizkaian ere hainbat talde ari dira sortzen; Uribe Kosta eskualdean, beste askoren artean, Ander Deuna Ikastola, San Nikolas Ikastola, Betiko Ikastola, Andra Mari, Zubileta, Txomin Aresti, Berango Merana eta Altzaga ikastetxeetan sortu dira taldeak.
"Zenbat eta smartphone-a lehenago eskuratu, orduan eta kalte gehiago eragingo dio beraien ongizate psikologikoari. Horrez gain, osasun arazo fisikoekin ere erlazionatuta dago: obesitatearekin, lo- eta bista-arazoekin… Umeen garapenean ere eragina dauka; adibidez, ikusi da mintzamenean atzerapenak izaten dituztela edo beraien emozioak kudeatzeko zailtasun gehiago izaten dituztela"
Zein izan da orain arte ikastetxeen erantzuna?
Beraiek ere ikusi dute arazoak izaten dituztela mugikorraren inguruan, beraz, nik uste dut gehienak erabilera debekatzen duen araudiaren aldekoak direla. Beste kontu bat da hezkuntzako digitalizazioarena: hasieran tresna oso indartsuak bezala hartu bazituzten ere, orain neurri gehiago ari dira hartzen, baina horretan ere denetarik dago. Ikastetxe bakoitzak bere lerroa dauka, eta, kezkatzen gaituen zerbait izan arren, oraindik ez gara horretan sartu.
Hala ere, ikastetxe gehientsuetan mugikorraren erabilera debekatu dute. Lorpen bat dela deritzozue?
Bai. Orain arte eskola bakoitzak bere arautegi propioa zuen; batzuk zehaztapen gehiagorekin, beste batzuk gutxiagorekin. 2024ko urtarrilean, Eusko Jaurlaritzak agindu zuen ikastetxe bakoitzak arautegia eraiki beharko zuela, beraz, orain, betebehar bat dago horren inguruan. Hala ere, guk eskatu genuen Jaurlaritzak araudi orokor bat egin zezala, ez zentro bakoitzak berea, minimo batzuk bermatzeko. Hau osasun publikoko arazo bat denez, pentsatzen dugu Hezkuntza Sailak bermatu beharko lukeela ikasle baldintza berdinean egon daitezela.
Osasun publikoko arazo bat dela diozu. Zeintzuk dira gazteengan mugikorraren erabilerak dituen kalte-eragin nabarmenenak?
Osasunaren aldetik ikerketa asko daude argi eta garbi agerian uzten dutenak mugikorraren erabilera osasun mentaleko arazoekin erlazionatuta dagoela: zenbat eta smartphone-a lehenago eskuratu, orduan eta kalte gehiago eragingo dio beraien ongizate psikologikoan. Horrez gain, osasun arazo fisikoekin ere erlazionatuta dago: obesitatearekin, lo- eta bista-arazoekin… Umeen garapenean ere eragina dauka; adibidez, ikusi da mintzamenean atzerapenak izaten dituztela edo beraien emozioak kudeatzeko zailtasun gehiago izaten dituztela. Nik kontsultan hori ikusten dut, eta pantailen gehiegizko erabileraren ondorio horiek dituzten nerabe asko daude osasun mentaleko arloan: antsietatea, tristura…
Esango zenuke inflexio puntu batera heldu garela?
Orain arte, ezjakintasunetik hartu dira umeei smartphone-ak edo tabletak emateko erabakiak; izan ere, egoera jakin batzuetan oso erosoak dira. Hala ere, horren guztiaren atzean dagoena oso konplexua da eta helduok egiten dugun mugikorraren erabilerak ere eragin handia dauka, azken finean, umeek guk egiten dugun guztia kopiatzen dutelako.
"Umearekin komunikatzeko smartphone bat ez da beharrezkoa, bestelako gailuak ere badaude, eta horiekin beraien artean ere komunikatu daitezke. Smartphone-ek Interneteko sarbide mugagabe hori daukate eta gauza erakargarri eta adiktibo asko kontsumitzeko aukera ematen dute"
Aipatuko zenuke mugikorra bereganatzea atzeratzeko gakoren bat?
Hasteko, mugikorra ahalik eta gehien atzeratzea izango litzateke idealena, ahal bada, 16 urtera arte. Oraindik hortik oso urrun gaude, eta egia da ume bakoitzaren errealitatera ere egokitu beharra dagoela. Bestetik, azpimarratuko nuke umearekin komunikatzeko smartphone bat ez dela beharrezkoa, bestelako gailuak ere badaude, eta horiekin beraien artean ere komunikatu daitezke. Smartphone-ek Interneteko sarbide mugagabe hori daukate eta gauza erakargarri eta adiktibo asko kontsumitzeko aukera ematen dute. Horrekin batera, hori eskuratzen dutenean, ez da gomendagarria opari bezala ematea, hainbeste muga eta arau dituen opari bat ez delako onartzen erraza; bere muga eta arauak dituen helduen tresna bat bezala hartu beharko litzateke. Muga horiek, batez ere, denbora eta edukien aldetik izan beharko lirateke. Halaber, oso garrantzitsua da erabilera helduekin batera egitea, oso gauza bortitzak aurkitu ditzaketelako eta helduok hori kontrolatzen eta interpretatzen lagundu behar diegulako. Kotxeko giltzak ematen ez dizkiozun bezala, mugikorrarekin ere kontu handia izan behar da. Azkenik, ez diogu beldurrik izan behar mugak jartzeari, ume edo nerabeak ez baitira kontziente adikziorako dagoen arrisku horretaz.
Zeintzuk dira etorkizunera begira dituzuen helburuak?
Momentuz, familien artean smartphone-a ematearen beharraz kontzientziatzen jarraitu nahi dugu. Gipuzkoan ari dira emaitza eta adostasun gehiago lortzen; aldiz, Bizkaian talde asko sortu berri dira oraindik. Guretzat gertuko lan hori oso garrantzitsua da, gauza batzuk goitik etorri behar direlako, baina kontzientzia ere sortu behar dugu eta gurasook argi izan behar dugu honen inguruan nola jokatu. Horrez gain, Hezkuntza Sailari kontzientziazio kanpaina bat martxan jartzeko eskatu genion, baina oraindik ez dugu zehaztasunik. Hezkuntzaren digitalizazioari dagokionez ere hor zabaltzeko dagoen meloi handi bat dago, baina borroka guztiei aldi berean ezin diegu heldu, bestela ez gara inora helduko.