Sopelako kaleetako eta zerbitzuetako irisgarritasuna hobetzeko hainbat neurri hartu ditu Udalak

Ander Zarraga 2025ko urt. 20a, 10:16

Sopelak Udalak oinezkoentzako 23 pasabide egokitu ditu, herritar guztien irisgarritasuna bermatzeko. © SOPELAKO UDALA

Sopelako Udalak 23 zebrabide egokitzeko lanak burutu ditu udaletxea Kurtzioko Kultur Etxeagaz eta Iturrieta parkeagaz lotzen duen ibilbidean. Jarduera irailean hasi zuten, Udaltzaingoaren txosten baten ondoren, eta, horri esker, pertsona guztientzako sarbide seguruagoa eta erosoagoa izango dutela bermatu gura izan dute.

Urrian eta azaroan, udal-brigadako langileek identifikatutako obrak egin zituzten, aurreko legegintzaldian egindako lanei jarraipena emanez. Gainera, Udalak datozen hilabeteetan Sertutxa, Zubigane eta Lizarre bezalako eremuetan esku hartzeko eta Iberre-Larrabasterrako proiektu konplexuagoei aurre egiteko planak iragarri ditu.

"Kultura eta aisialdi-eremuetara pertsona guztientzako sarbideak bermatzea da helburua, horrela, Artaza eta Iturrietako parkeez, haurren jolas-guneez eta Kurtzio kultur etxean programatutako jarduerez gozatu ahal izatea", nabarmendu dute udal-iturriek.

Era berean, antzeko beste jarduketa batzuk egitea ere aurreikusi dute, "nahiz eta agian lan handiagoak beharko dituzten, Iberre-Larrabasterra eremuan", Udalak zehaztu duenez.

Bestalde, udal-bulegoetan begizta magnetikoak ere jarri dituzte eskuragarri audifonoen edo kokleako inplanteen erabiltzaileentzat. Horrela, udal-zerbitzuak prest daude "herritar guztiek tratu berdina izateko, eta zerbitzu duina eskaintzeko herritar orori".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun