Sopelak merkataritza biziberritzeko plan bat jarri du martxan hiri ekonomia eredu jasangarri eta lehiakorra bultzatzeko

Nahia Martinez Gondra 2025ko ots. 5a, 14:11

Tokiko estrategia osoa eguneratzea bilatzen dute. © SOPELAKO UDALA

Sopelako Udalak funtsezko urratsa eman du udalerriaren hurbileko ehun ekonomikoa eraldatzeko, Hiri Ekonomiaren Plana abiarazita. Plan hori 2025eko lehen seihilekoan garatuko da, Ikertalde aholkularitza-enpresargaz lankidetzan.

Udalak, tokiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak indartuz eta hauen lehiakortasuna hobetuz, tokiko garapen ekonomikoa dinamizatzeko gai izango den hurbileko hiri-ekonomia eredu iraunkorra bultzatzeko konpromisoa du. Plana udaleko lan-dinamika sakon baten baitan kokatzen da, tokiko estrategia osoa eguneratzea bilatzen duena, hainbat arlotan eraginez. Hala nola, mugikortasunean, kulturan eta kirolean, turismoan edo hiri-ekonomian, besteak beste.  

Lan-prozesua Toki Garapeneko zinegotzia den Eder Garcia Lopezek gidatutako lehen bilerakaz hasi da, Ikertalde plan estrategikoa egiteko kontratatutako enpresagaz lankidetzan. Lan-plana 2025eko udarako amaitzea aurreikusten da. Planak udalerriari ibilbide-orri bat eskaintzeko helburua dauka, merkataritza sektoreari eta kontsumitzaileei eragiten dieten erronka nagusiei eraginkortasunez aurre egiteko gai izango den hiri-ekonomia eredu bat lortzeko.  

Plana partaidetza-prozesu baten bidez garatuko da, eta prozesu horrek hiri ekonomia osatzen duten sektoreen ikuspegia jasoko du, bai eta Sopelako biztanleriarena ere, tokiko dinamika sozioekonomikoaren protagonista nagusiak diren heinean. Horretarako, Ikertaldek inkesta prozesu bana egingo die sektoreari eta herritarrei. Gainera, hainbat lan-saio egingo dira, eta Sopelako herritarren iritzia jasotzeko interakzio-bideak erraztuko dira.

Adibide gisa, herritar guztiak gonbidatu nahiko lituzkete galdetegi labur honi (2 minutukoa) erantzutera, merkataritzari eta  kontsumoari buruz dituzten premiak ezagutzeko.

Hartara, Garciak sektore osoa eta biztanleria guztia gonbidatu du Merkataritza Biziberritzeko Plan honen egikaritze-prozesuan parte hartzera, zeina Sopelako Udalak herri oparoago eta iraunkorrago bat lortzeko konbentzimendutik sortzen  den. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun